14 positibo atzeman ditu Osakidetzak atzo Ordizian egin eta dagoeneko emaitza duten 707 PCR probetan

Osasun sailburu Nekane Murgak ezagutzera eman duenez, erakunde arteko jarraipen batzordea eratuko da arratsaldean.

Osasun Sailak eta Osakidetzak 985 PCR proba egin zituzten atzo, Ordizian eta ingurumarian burutzen ari diren zaintza lanen barruan. Orain arte, 707 proben emaitzak ezagutu dira, eta 14 positibo atzeman dira. Gaur hasi dira hitzartutako 540 probak egiten, zerbitzu hori indartzeko langile kopurua hirukoiztuz.


Osasun Sailburu Nekane Murgak ezagutzera eman duenez, jarraipen batzordea osatuko da gaur arratsaldean. Bertan, Ordizia, Beasain, Idiazabal eta Lazkaoko alkateek parte hartuko dute; baita Segurtasun sailak, Osakidetzak eta Osasun sailak berak ere.


Aldi berean, berriz ere eskertu du herritarren laguntza, baita gogorarazi ere ekainaren 27tik Etxezarreta kaleko ostalaritza-establezimenduren batean egon diren pertsona guztiek harremanetan jarri behar dutela beren osasun-zentroarekin. Proba egin zaien pertsona guztiei Osasun Sailak SMS bidez jakinaraziko die emaitza.


EGINDAKO PROBAK


Atzo 3.317 proba egin ziren guztira (2.616 PCR eta 701 test azkar).


BAIEZTATUTAKO KASUAK ETA SENDATU DIRENAK


Atzo PCR bidez baieztatu zituzten positibo berriak 19 dira, Lurraldeka, 0 Araban, 4 Bizkaian, eta 15 Gipuzkoan. Atzo "test azkarraren" ondorioz atzemandako 50 kasu daude. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete. Gainera, atzoko egunean, COVIDik gabeko 21 pertsona erregistratu ziren (PCR negatiboa dutenak gaixotasuna hartu ondoren) eta 7 lagunek jaso zuten ospitaleko alta.


POSITIBOEN ETA OSPITALEEN EGOERA


Atzo ez zen hildakorik izan. Horrez gain, COVID diren edo izan diren 6 pertsona daude ZIUn.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Politika #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Goierri #Ordizia #Deseskalatzea #Normaltasunberria #NekaneMurga #PCR

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude