2.645.000 euroko laguntza kultura-sektorea laguntzeko

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak alarma-egoera eta osasun-larrialdiaren ondorioak direla eta hartu du erabakia.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.645.000 euroko laguntza sorta bat aurkeztu du, gaur goizean, kultura-sektorea laguntzeko Covid-19ak sortutako alarma-egoeraren eta bizi izan den osasun-larrialdiaren ondorioen aurrean. Laguntza multzo horrek bi ardatz ditu. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak kultura-sektoreko mikroETEentzako diru-laguntza deialdi berri bat jarriko du abian hurrengo egunetan, enpresen gastu finkoak edo egiturakoak arintzen laguntzeko, 2 milioi euroko aurrekontu batez. Bestetik, Sailak bost laguntza lerro jarriko ditu martxan, guztira 645.000 euroko aurrekontua dutenak, bost arlotan eragiteko: liburugintza, ilustrazioa, zinema-ekoizpena, arte plastikoen sorkuntza eta musika-ondarearen katalogazioa-digitalizazioa.


Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu ditu laguntza sorta honen xehetasunak, Joxean Muñoz Kulturako sailburuordearekin eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariarekin batera. Ekitaldian Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria ere izan dira. Sailburuak azaldu duenez, kulturaren arloa “kaltetuenetako bat izan da Covid-19aren hedapena gelditzeko hartutako neurrien ondorioz”.


“Pertsonen artean pandemiak sortu duen oinazeaz gain, alarma-egoera eta pandemia gelditzeko hartutako neurriak ondorio nabarmenak izaten ari dira, gizarte mailakoak zein ekonomikoak. Ondorio horiek bereziki nabarmenak dira sektore batzuetan, eta kultura da, hain zuzen, horietako bat. Gaur aurkeztuko ditugun neurrien helburua da, lehenik, ondorio horiek arintzea, kultura-arloko enpresei haien gastu arruntari aurre egiten lagunduz. Halaber, aurrerapauso bat gehiago eman nahi dugu sormen-jarduera bultzatuz eta kultura-arloko enpresen jarduera babestuz”, adierazi du Zupiriak.


MikroETEentzako laguntzak


Gaur aurkeztutako laguntza sortaren lehen ardatza beren beregi kultura-enpresa txikietara zuzendutako laguntza-lerro berri bat da, betiere Covid-19ak piztutako alarma-egoeraren ondorioz jarduera murriztu edo osoki geldiarazi behar izan duten kasuetan. Hurrengo asteartean Gobernu Kontseiluan onartuko den Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren deialdi honek 2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta onuradun bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu gehienez ere.


Deialdi honen asmoa da kultura-arloko enpresei eta elkarteei babesa ematea, Covid-19a dela-eta bertan behera geratutako jarduerak ustiatzeko kontuen gainean eragin handia duten gastu arrunten partidak finantzatuz. Ez dira kontuan hartuko langile-kostuak (gizarte-segurantza eta soldatak), neurri handi batean jada irekitako beste laguntza-lerro batzuen bitartez finantzatzen baitira. Eusko Jaurlaritzaren helburua da kultura-sektoreko mikroETEen enpresa-egiturak mantentzen laguntzea; mikroETE horiek izan daitezke sozietatedun pertsona autonomoak, sozietateak eta elkarteak.


Deialdi honi lotuz, sozietateen edo elkarteen pertsona autonomoen gastu finkoek edo egiturakoek eskura dezakete diru-laguntza. Zehazki, gastu hauek hartuko dira kontuan:


  • Lantokiaren errentamendua, betiere eskatzen duen pertsonaren etxebizitzaren zati ez bada.

  • Lan-jarduerarako garraio-ibilgailuen eta material teknikoaren errentamenduaren kostua.

  • Lantokiaren hornidurak (ura, telefonoa, internet…), betiere eskatzen duen pertsonaren etxebizitzaren zati ez badira.


  • Hauengatik sortutako interesak:

  • Jarduera egiten den establezimendua erostera bideratutako hipoteka-maileguen kuotak.

  • Alarma-egoera (2020ko martxoaren 14an) indarrean sartu aurreko bosturtekoan egindako inbertsioei dagozkien maileguen edo inbertsioen finantzaketatik sortutako maileguen kuotak, jarduerak behar bezala funtzionatzeko behar diren ondasunak erostera bideratuak direnean.

  • Jarduera Covid‐19ak ezarritako baldintzetara egokitzeko behar diren elementuetan inbertitzeko kuotak.


  • Bestelako gastu arruntetatik sortutako interesak, adibidez, gastu hauetakoak:

  • Jarduera arruntari lotutako aseguruaren kuotak.

  • Alarma-aldian kontratatutako profesional independenteen zerbitzuak (aholkulariak, kontsultoreak…), salbu eta auditoretzetatik sortutako kuotak.

  • Udal zergak.

  • Zirkulazioko kapitala finantzatzetik sortutako kostuak.

  • Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuetan aitortutako elkarte profesionaletako kidetza-gastuak.

Halaber, laguntzen onuradunek mikroETEen definizioan ezarritako irizpideak bete behar dituzte (Europar Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE); zehazki, 10 langile baino gutxiago izan behar dituzte, eta urteko fakturazioan 2 milioi euro baino gutxiago eskuratu). Halaber, frogatu behar dute osasun-larrialdiaren ondorioz geratu dela beren jarduera bertan behera edo, 2019aren aldean, % 75 baino gehiago murriztu zaiela fakturazioa.


Bete behar duten beste betekizunetako bat da kultura-jarduerak izatea helburu, eta fakturazioaren % 70 edo gehiago kulturari lotutako jarduera batetik edo batzuetatik eskuratzea. Alde horretatik, deialdi honetan xedatutakoaren ondorioetarako, profesionalki eta irabazi asmoz kultura-adierazpideekin zerikusia duten produktu edo zerbitzuak sortzea izango da ekonomia-jarduera. Profesionaltasun-kondizioa bete behar da, jarduera egiten duen lantaldeko kideek sektorerako ezarritako konbentzio edo usadioekin bat datorren ordainsaria edukiz, baina inoiz ez da izango lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa. Horregatik, deialdi honetatik kanpora geratuko dira amateur diren elkarteak, baldin eta garatutako jardueraren truke elkartekideek berariazko agiri bidez egiazta daitekeen ordainsaririk jasotzen ez badute.


Laguntzen eskaerak aurkezteko epea EHAAn deialdia argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 15 egutegi-egunen ondoren amaituko da.


Bost laguntza-lerro berri


Laguntza sorta honen bigarren ardatzak euskal sortzaileen jarduera bultzatzea eta kultura-arloko erakunde eta enpresen jarduera babestea xede duten bost lerro hartzen ditu. “Helburua da kultura-arloko inbertsio publikoa areagotzeko ahalegin bat egitea, sortzaileei baliabide gehiago eskainiz beren sorkuntza-lanarekin jarrai dezaten. Sorkuntza-arloaren biziraupena eta dakarren gizarte-balioa bermatu nahi ditugu”, adierazi du Joxean Muñoz sailburuordeak.


Liburugintza


Lehen laguntza-lerro honen helburua da euskarazko liburu gehiago eta Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratutako liburu gehiago erostea, hurbileko liburu-dendei erosiz, Euskadiko Liburutegi Publikoen Sarerako. Erosketa publikoaren bitartez, arindu egin nahi dute osasun-alarma dela tarteko saltokiak ixtearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko argitaletxeek eta liburu-dendek fakturazioan izan duten galera nabarmena. Horretarako, liburutegi publikoetarako liburuak erosteko zuzkidura handitzea erabaki dute. 100.000 euroko ezohiko partida bat bideratuko da liburutegien artean aldi bereko deialdi bat eginez (Eusko Jaurlaritzak dirua banatuko du liburutegien artean, eta haiek erosiko dituzte liburuak). 100.000 euro horiek aurrekontuetan jada aurreikusitako 800.000 euroei gaineratu behar zaizkie (2019an, 660.000 euro bideratu ziren; 2020an, berriz, 240.000 euro gehiago izango dira azkenean).


Ilustrazioa


Ilustraziora bideratutako laguntza-lerroak osasun-krisialdiak sortutako konfinamenduaren inguruko ilustrazioen sorrera sustatzea bilatzen du. Sortuko diren lanak liburu grafiko eleaniztun batean argitaratuko dira (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez). Jaurlaritzak proiektu honetan sortutako liburua eskuratuko du, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Liburutegien Sarean banatuko du, era horretan banaketa bermatuz eta argitalpenaren arrisku ekonomikoak konpentsatuz. Eusko Jaurlaritza Euskal Irudigileak - Asociación Profesional de Ilustradores de Euskadirekin arituko da lankidetzan.


Prozedurari dagokionez, 2 ilustrazio eskatuko zaizkie Euskadiko ilustrazioaren arloan ezagunak, aitortuak eta trebatuak diren 20 profesionali. Euskal Irudigileak elkarteak hartuko du profesional horiek hautatzeko ardura. Horretarako, 2020rako mundu osoko azoka profesionaletarako aurreikusita zegoen eta egingo ez den erakusketa ibiltarirako hautuan oinarrituko dira. Hautu hori batzorde independente batek egingo du, Gasteizko Artium Museoko, Bilboko Arte Eder Museoko eta Media Vaca argitaletxeko adituek eta bi profesional ospetsuk osatua.


Euskal Irudigileak elkarteak ere kontratatuko du liburua plazaratuko duen argitaletxea. Etxepare Euskal Institutuak itzulpenen kostuetan eta ale batzuk erosiz lagunduko du, munduan kultura-diplomaziako bere lanean aritzeko. Guztira 100.000 euro bideratuko dira proiektu honetara.


Zinema-ekoizpena


Zinema-ekoizpenera bideratutako lerroak bilatuko du konfinamenduaren inguruan fikziozko zortzi film labur egitea sustatzea, gero banaka edo film luze bakar batean multzokatuta banatu eta merkaturatzeko. EiTBk lagundu egingo du ekoizpen horien komunikazio-eskubideak erosten. Ekimen honen helburua da zinemagile, gidoilari, aktore eta teknikarien ordaindutako jarduera bultzatzea, formatu laburreko lanak sortuz eta ekoitziz eta, beraz, presako fakturazio-beharrizanetarako eta pandemiaren kausazko errodatze-baldintzetarako egokiagoak.


Eusko Jaurlaritzak 240.000 euroko aurrekontua inbertituko du filmak ekoizteko, Zineuskadira zuzeneko transferentzia bat eginez. Zenbateko horri EiTBk komunikazio-eskubideak erostera bideratuko dituen 100.000 euro gehitu behar zaizkio.


Arte Plastikoak


Arte plastikoen arloan, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko artistei laguntzea bilatuko du, ezohiko erosketa bat eginez, Erkidegoko artista-sarearentzako baliabideak jartzeko. Ezohiko erosketa-operazio hori Gasteizko Artium Museoaren, Bilboko Arte Eder Museoaren eta Donostiako Tabakaleraren arteko talde-ekintza batean oinarritzen da. Erosketaren aurrekontua 150.000 euro izango da, eta Artium Museoari adjudikatuko zaio; berak kudeatuko du, hain zuzen, diru kopuru hori, hiru arte-erakunde horiek adostutakoaren arabera.


Berrikuntza eta digitalizazioa


Azkenik, Eusko Jaurlaritzak 50.000 euro inbertituko ditu Euskadin argitaratutako diskoen karatulak katalogatu, digitalizatu eta aztertzeko, Euskadiko Liburutegi Digitalari euskal kultura-ondarean garrantzi handia duen eta “modernotasunean sartzearen lekuko argi bat den” dokumentu-funts bat hornitzeko”, Joxean Muñozek adierazi duenez. Proiektu horretan, Eresbilek, musikaren euskal artxiboak, lagunduko du, ondarearen sektoreko eragile pribatuentzako baliabideak jartzeko (katalogazio, digitalizazio eta abarreko enpresak). Era horretan, ondarea kudeatzen duen sektore pribatuan jarduera profesionala sortzea lortuko dugu, katalogazioan eta digitalizazioan diharduten enpresentzako baliabideak bideratuz.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #Kultura #DiruLaguntza #BingenZupiria #JoséÁngelMaríaMuñoz #AitziberAtorrasagasti #MikelXabierAizpuru #IreneLarraza

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude