Atzoko elurrak hainbat arazo sortu ditu Euskal Herrian

Larunbatean hasitako elurteek, hainbat arazo ekarri dituzte.
Arazoak larunbat arratsalde-gau aldera
Larunbat honetan, elurra indartsu etorri da eta arazoak sortu ditu, bereziki Gipuzkoan. Gogotsu aritu da lurralde osoan tarteka, eta arazoak eragin ditu trafikoan arratsalde eta gauean zehar. Hala, 23:30ean itxita zeuden elurragatik Etzegarate, Arrate, Artikutza, Mandubia, Urraki eta Urto Gipuzkoan; Bernedo, Barrerilla, Herrera, Kanpazar eta Opakuako mendateak Araban, baita A-15erako sarbidea Andoainen ere.
Igande honetan, hobera
Gaur, ostera, egoerak nabarmen egin du hobera, eta jada zabalik da EAEko errepide sare nagusia. Etzegarate 08:00etan ireki dute eta bertatik katerik gabe ibili daiteke, arretaz. Gainera, orduek aurrera egin ahala, igo egingo da elur kota Gipuzkoan, baina jaitsi Bizkaian eta Araban, 300-500 metrora elurra egingo duelarik. Horrez gainera, azken egunotan elurragatik, euriagatik eta olatuengatik EAEn indarrean egon diren alerta laranja eta abisu horiak bertan behera utzi dituzte, igande honetan Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.