Sin Mala Intención, urtebetetze oparia etxean



Sin Mala Intención, Gorka Lizaso villabonatarra buru duen pop-rock taldeak, kontzertu oso berezia eskaini zuen pasa den martxoak 2an, Villabonako Gurea Antzokian, gainera Gorkaren urtebetetze eguneko bezpera zelarik.

Kontzertua abeslariak berak grabaturiko off ahots batekin hasi zen, jendeari eskerrak emanez eta “Las sobras del amor”, diskoko bigarren single-aren bideokliparen proiekzioa aurkeztuz, Gorka Urra oiartzuarrak zuzenduriko bideoa.

Segidan, taldekideak igo ziren oholtzara, “Esas cosas” lehen diskoko abesti guztiak jotzeko: Javi Echarri eta Iker Gutierrez (gitarrak), Maria Soriazu (baxua), Igor Barrero (teklatuak) eta Bjorn Mendizabal (batería). Kontzertua “Ojos de cristal” abestiarekin hasi zen, eta jarraian honako abestiak jo zituzten: “Las sobras del amor”, “En el asfalto”, “Flor de Madrid” abesti blueseroa, “Mi habitación” (Antonio Floresen bertsioa), “Arena triste” (Beñat Igerabideren musikarekin, kontzertuko soinu-teknikari izan zena), “Amigos de la luna”, “Paseo de Francia” eta “En mil pedazos” autobiografikoa, momentuz agur esanez eszenatokiari.

Aipatu beharra dago taldearen eta publikoaren artean sortutako elkartea, animatuz eta abesti ezagunenak abestuz. Bisean, Gorka bakarrik irten zen, bere gitarrarekin datorren 2019an grabatzeko asmoa duten bigarren diskora joango den abesti berri bat abesteko, “Fuimos un volcán” deiturikoa.

Eta ondoren, sorpresa Gorkarentzat izan zen. Izan ere, Igor Barrero teklistarekin “Canción al desnudo” abestia jotzeko momentuan, taldekide guztiak azaldu ziren, gitarra akustiko bat oparitzeko, jendeak “Zorionak zuri” abesten zion bitartean.

Musikara dedikatzea hain erraza ez dela dioen Miguel Ríos-en “Todo a pulmón” abestia jo ondoren, kontzertua “Vuela conmigo” lehen single-arekin amaitu zen, publikoak zutik abestu zuelarik. Amaiera bikaina emanaldi ahaztezin baterako.


ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude