23 pertsona hil dira Euskadin, koronabirusak eragindako kutsatuen kopurua 2.421ra iritsi den egunean

Atzoko 20:00ak arte, COVID-19ko beste 324 positibo jaso dira Euskadin, hau da, 2.421 pertsona kutsatu dira guztira.

Hala jakinarazi du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, koronabirusak Euskadin izan duen bilakaera epidemiologikoaren berri emateko Eusko Jaurlaritzak egunero egiten duen agerraldian. Agerraldian jakinarazi duenez, Gasteizen ezarritako lehen mailako arretaren zonakatze-sistema Bizkaiko Barrualde-Galdakao ESIra zabaldu da. Bertan, arnas sintomak dituzten pertsonak artatzeko erreferentziazko osasun-zentroak bederatzi dira: Basauri-Ariz, Galdakao, Amorebieta, Durango, Gernikako Ospitalea, Lekeitio, Ondarroa, Amurrio eta Laudio. Aste honetan bertan iritsiko da Bizkaiko gainerako eskualdeetara eta Gipuzkoa osora ere.


Antolaketaren berregituraketa hori Gasteizen aplikatzen ari da (Zabalgana, Salburua eta Lakuabizkarra erreferentzia-zentroekin). Horri esker, alde batetik, arnas sintomak dituzten pertsonentzako arreta zentralizatu daiteke koadro horiek artatzeko berariaz prestatutako zentroetan, eta, bestetik, biztanleei segurtasun handiagoa eman dakieke, zirkuitu zehatzak ezartzen baitira arnas sintomak dituztenek gainerakoak kutsa ez ditzaten.


Osasuneko sailburuak, gainera, izurritearen bilakaerak eragindako beste asistentzia-aldaketa batzuen berri eman du:


-Alde batetik, Basurtuko pediatriako larrialdiak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eramatea, hain zuzen ere arreta-zirkuitu espezifiko horien bidez pediatriako pazienteen espazioak gaitzeko eta, aldi berean, haien segurtasuna zaintzeko. Bilbo-Basurtu ESIak haurrak artatzen jarraituko du osasun-zentroetan eta etengabeko arretarako guneetan. 


-Bestalde, bihartik aurrera, DONOSTIALDEA ESIko Onkologia Medikoko eguneko ospitalea eta kanpo-kontsulten zerbitzua ONKOLOGIKORA lekualdatuko dira. Donostialdea ESIan erreferentziazko medikuak dituzten pazienteak profesional berak artatzen jarraituko du ONKOLOGIKOKO 2. solairuko kontsultetan.


Eguneko ospitalea ere ONKOLOGIKOKO 2. solairura lekualdatuko da. ONKOLOGIKOAN erreferentziazko medikuekin arreta jaso ohi dutenek mediku beraren asistentzia jasotzen jarraituko dute ONKOLOGIKOKO 1. solairuan eta ohiko eguneko ospitalean.

DATU EGUNERATUAK

Sailburuak emandako datuen arabera, guztira 2.421 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta Euskadin, atzoko 20:00ak arte 324 positibo zenbatu ondoren. Horietatik 1.005 bertan ospitalizatuta daude. Era berean, atzo baino 23 hildako gehiago izan dira. Hortaz, 120 pertsona hil dira.


- BIZKAIAN, 1.032 lagun kutsatu dira, eta horietatik 541 ospitalizatuta daude.

- GIPUZKOAN, positiboak 380 dira (horietatik 136 ospitalizatuta daude).

- ARABAN, 1.009 kutsatu daude, eta horietatik 328 ospitalizatuta daude.


Gaur arte, Euskadin 7.047 detekzio-proba egin dira, eta, atzo soilik, 862 egin ziren.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #NekaneMurga #EstefaníaBeltrandeHeredia

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude