33 positibo berri identifikatu ziren bart EAEn PCR proben bitartez

Osasun arloko profesionalek sintomak dituzten 1.051 pertsona artatu dituzte COVID-19.EUS aplikazioaren bidez.

Eusko Jaurlaritzak EricTel izeneko euskal enpresarekin lankidetzan pandemiari aurre egiteko abian jarri duen COVID-19.EUS aplikazioak 67.348 deskarga erregistratu ditu gaur arte, eta autoebaluazioaren bitartez COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten 3.708 pertsona zenbatu dira. Gainera, aplikazioan inplementatutako txat medikoan laguntza eskaintzen duten osasun-arloko profesionalek 1.501 pertsona artatu dituzte, hauetatik 202 osasun zentrora bideratu dituzte. Txat horretan, osasun-arloko 50 profesionalek, 46 medikuk eta 4 erizainek dihardute laguntza ematen. Aplikazioa etengabe hobetzen ari da, eta hirugarren bertsioa atera da duela gutxi. Pertsona bakoitzak deskargatzeko, bere osasun-egoera eransteko (autodiagnostiko baten bidez) eta hurbilekoak (familia, lankideak, lagunak, ikaskideak, auzokoak eta abar) gehitzeko aukera du. Era horretan, pertsona guztiak elkarrekin konektatuta daude, ohiko gomendioak jasotzen dituzte, beren osasunaren jarraipena egiten dute eta gainerakoen egoera ikus dezakete. Hori guztia lagungarria da prebentzioak are neurri handiagoan muturreraino eramateko. Sistema horrek, gainera, sintomak dituzten eta etxean dauden pertsonen ezagutza eta jarraipen hobea ahalbidetzen die Osasun Sailari eta Osakidetzari, betiere modu anonimoan. Horrez gain, osasun-arloko profesional laguntzaileek erasan arina edo moderatua duten eta berrogeialdian dauden pertsonei laguntzen diete egunero, okerragotzeei aurrea hartzen saiatzeko. Osasun-arloko profesionalek egunero argitzen dituzte zalantzak. Osasuneko sailburu Nekane Murgak gogorarazi duenez, aplikazio horrek “zeregin garrantzitsua betetzen jarraituko du deskonfinamenduaren hurrengo faseetan, kutsatu berrien jarraipena egiteko garaian”. Izan ere, herrialdeek osasun-zerbitzuei kasuak bideratzen eta herritarrak prebentzioaren inguruan kontzientziatzen laguntzeko jarraitu beharreko estrategia gisa sustatutako ekintzen artean, horrelako tresnak bultzatu dituzte OMEk eta EBk. EGINDAKO PROBAK Euskadin, 119.596 PCR eta 65.430 test azkar edo serologiko egin dira orotara. Atzo, 20:00ak arte, 8.017 proba egin ziren guztira. BAIEZTATUTAKO KASUAK Pandemia hasi zenetik atzoko 20:00ak arte, baieztatutako koronabirus-kasuen kopurua 16.959 da, eta, horietatik, %77 osatuta edo alta emanda daude. Atzo PCR bidez baieztatutako positibo berriak 33 dira. Pertsona batek une horretan bertan birusa duen eta gaixo dagoen detektatzen du proba horrek. “Test azkarren” bidez detektatutako kasu berriak 347 dira. Pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen ditu proba horrek, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake. POSITIBOEN ETA OSPITALEEN EGOERA Orain arte, 1.383 heriotza gertatu dira guztira, eta, horietatik, 19 erregistratu ziren atzo. Horrez gain, 532 pertsona daude ospitaleratuta, eta, horietatik, 454 solairuko geletan daude, eta 78 ZIUn.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #NekaneMurga #PCR #OME #EB #APP #Erictel

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude