430 lagun jarri dira Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan

430 lagun jarri dira Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan; horietatik 268 itzuli dira dagoeneko Euskadira, eta 23k geratzea erabaki dute.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzari elkarrizketa egin diote gaur Radio Vitoria irratian. Bertan, Covid 19ko krisiaren ondorioz hainbat herrialdetan harrapatuta geratu diren eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri diren euskal herritarren datu eguneratuak eman ditu ezagutzera. Hain zuzen ere, 430 pertsona dira Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri direnak; horietatik 268 dagoeneko Euskadira itzuli dira, eta 23k erabaki dute dauden herrialdean geratzea. Gainera, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Limako kontsulatu espainiarrarekin harremanetan jarri ostean, Perutik beste bi hegaldi prestatzen ari direla jakinarazi du, bata gaur bertan aterako da eta bestea bihar. "Espero dut blokeatuta geratu diren euskal herritarrak gaur eta bihar artean itzultzea", adierazi du. Elkarrizketan, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak azaldu du euskal herritarrak bost kontinenteetako herrialdeetan daudela harrapatuta, baina Peru, Zeelanda Berria eta Australia aipatu ditu foku nagusitzat. Elorzaren hitzetan, harrapatuta dauden pertsonek dituzten arazo nagusiak hauek dira: hegaldiak bertan behera uztea aire trafikoan murrizketak daudelako, mugak erabat ixtea eta herrialde batzuetan barne mugimenduan dauden mugak. Era berean, blokeatuta geratu diren pertsonen artean bi kategoria bereiz daitezkeela argitu du: batetik, turismoa egiten ari ziren pertsonak, gehienak, eta, bestetik, ikasketak, bekak, lankidetza eta abar direla-eta aldi baterako atzerrian bizi direnak. Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak gogorarazi du nola jokatu behar den atzerriko herrialde batean harrapatuta egon eta Euskadira itzultzeko arazoak izanez gero. Hala, azaldu du, harrapatutako pertsonak gertuen duen kontsulatuarekin jarri behar dutela harremanetan larrialdietako telefonoaren bidez, larrialdi kontsularren telefono bidez; eta kontsulatuarekin harremanetan jarri ezin bada, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin jar daiteke harremanetan kanpolarrialdiak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo 945 01 81 26 telefono-zenbakiaren bidez, eta han erantzungo zaie euren eskaerei eta kontsultei.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #MarianElorza #EiTB #RadioVitoria #Peru #Australia #ZeelandaBerria

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude