Adituen arabera "okerrena pasatu da" COVID 19ren egoera

Jaurlaritzaren esanetan, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko duela hilabete Euskadin abian jarritako planak "ondo funtzionatu du".

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan —modu digitalean— agertu da, Nekane Murga Osasun sailburuarekin eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuarekin batera. Gaur Osasun Larrialdi Adierazpena sinatu eta Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) aktibatu zenetik hilabete bat betetzen denean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak azpimarratu nahi izan du, osasun-egoeraren datuen arabera, Covid 19 koronabirusaren hedapena geldiaraztea lortu dela. “Gaur esan dezakegu, duela hilabete abian jarritako planak nahiko ondo funtzionatu duela”, azpimarratu du. Hala, esan du, “zerra-hortzak” gorabehera, astebetez jarraian joera positiboa antzeman dela hiru adierazletan: kutsatutako pazienteen kopuruan beherakada txikia baina jarraitua eman da, ospitaleratutako pazienteen kopuruak behera egin du, eta Zainketa Intentsiboetako Unitateetan dauden pazienteen kopuruak ere behera egin du.


“Osakidetzako eta Osasun Saileko profesionalak joera positibo horri eustea lortzen ari dira eguneroko ahaleginaren eta arduraren bidez, eta Eusko Jaurlaritzak behin berriro ere eskertu egin nahi die ahalegin hori”, azpimarratu du Erkorekak. Gainera, nabarmendu du aditu-taldeek diotela “okerrena jada pasatu dela” eta “bigarren fase” batean gaudela”; hala ere, kutsatuei buruzko zifrek eta, batez ere, osasun-krisi honek eragin dituen heriotzek min ematen jarraitzen dutela esan du. Nekane Murga Osasun sailburuak informazio hori zabaldu du Euskadin koronabirusaren egoeraren datu eguneratuak eskainiz. Bestalde, Euskadin, gaur, lan-jarduerara pixkanakako itzulera hasi da. Erkoreka sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak itzulera hori langileentzako, oro har, ordenatua eta segurua izatea lortzeko lanean jardun duela. “Gure helburua lantegiak berriro zabaltzeko prozesuetan laguntzea da, lan-arloan osasuneko eta segurtasuneko derrigorrezko protokoloak bete daitezen lortzeko”, esan du.


Horretarako, bozeramaileak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak “Jarduerari Berrekiteko Jarduketa Gida" bat prestatu du alde guztien laguntzarekin, inplikazioarekin eta konpromisoarekin: sindikatuak, enpresa-erakundeak, OSALANeko prebentzio-zerbitzuak, Lan Agintaritza edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza. Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuak langileen osasunarekiko eragile horiek guztiek duten konpromisoa azpimarratu du. “Guztien konpromisoarekin horixe bermatu nahi dugu”, adierazi du. Lan-jarduerara itzultzeko testuinguru horretan, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Euskadiko Garraio Agintaritzak, gaurtik aurrera, lanegunetan garraio-publikoko eskaintza leheneratzea erabaki duela. Halaber esan du, behar izanez gero, euskal erakundeek zerbitzu publikoaren % 100 bermatuko dutela puntako orduetan, jende gehien elkartu daitekeen uneetan.


Josu Erkorekak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela, osasun-agintariek ezarri dituzten kontrol- eta prebentzio-neurri guztiak garraio publikoan ere betetzea. Gauzak horrela, Erkoreka sailburuak jakinarazi du Segurtasun Saila, babes zibileko Euskadiko boluntarioen bidez, gaur goizean, 494.000 higiene-maskara banatzen hasi dela Euskadiko garraio publiko kolektiboko gune nagusietan. “Maskaren erabilera boluntarioa da; osasun-gomendio nagusiak distantzia soziala errespetatzen jarraitzea eta eskuak maiz garbitzea izaten jarraitzen du”, zehaztu du.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #NekaneMurga #JosuErkoreka #MariaJesusSanJose

Nahikobero

ARROSA SAREA

arrosa-logo-berria.png

Ataun Irratia, Arrosa Irrati sarearen parte da 2020ko maiatzetik eta elkarlanean zenbait jarduera eskaintzen ditu.

EUSKARA

Ataun Irratia eta bere eduki guztiak euskaraz ikusi, irakurri eta entzuteko aukera duzu.

ATI CC 2020