• anemu95

Alardea telesailaren aurrestreinaldia egin dute Zinemaldian

ETB-k ekoiztutako telesail berria Zinemaldiaren 68.edizioko EiTB Galan aurkeztu zuten bart.

Urtero egiten den moduan, ETB-k ekoiztutako ikus-entzunezkoak ikusteko aukera izan da Zinemaldian. Kasu honetan, bart gauean Victoria Eugenia antzokian telebista kateari eskaintzen zaion gala horretan telesaileko lehenengo bi kapituluak ikusteko aukera izan zen. Lau kapitulu iraungo dituen minisail hau urriaren 7tik aurrera ikusteko aukera izango da ETB1-en.


Itziar Ituño, Sara Cozar, Amancay Gaztañaga, Carmen Climent eta Iñigo Aranburu, besteak beste, izango dira istorioa haragitzen lagunduko duten aktoreetako batzuk. Irun eta Hondarribiko alarde eta egoeran inspiratutako telesaila den arren, fikziozko herri batean gertatzen da. Bertan, emakume talde batek alardeko desfile tradizionalean ateratzeko intentzioa erakutsiko du, eta horrek herrian sortuko duen gatazka kontatzen da.


David Perez Sañudo zuzendariak adierazi duenez, telesailean herri txikietan jazotzen den presio sozialari eta horri aurre egiteko emakumeen borrokari erreferentzia egiten zaio kontakizunean. “Ardura handiz egindako istorio feminista bat da”, aipatu du Perez Sañudok.


RTVE proiekzioak

Ez zen EiTB-ren gaua bakarrik izan. RTVE-ren proiekzioen baitan, Kursaalen bere azken filmetako baten aurrestreinaldia egin zen: Explota Explota. Genero musikaleko film honetan soinu banda Rafaella Carrá abeslari italiarraren abesti famatuenek osatzen dute. Istorioa 70.hamarkadan dago irudikatuta eta Mariaren istorioa kontatzen du, telebistako dantzari izan nahi duena zentsura garaian. Aktoreen zerrenda aurpegi ezagunez beteta dago: Ingrid Garcia-Jonsson, Natalia Millán, Fernando Tejero, Verónica Echegui eta Carlos Hipólito. Urriaren 2tik aurrera izango da ikusgai zinema aretoetan.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude