Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearekin izan diren pertsonen erdia irten da dagoeneko

Maiatzean igoera egon da Euskadin kontratazio-kopuruan; % 26,9 egin du gora, apirilaren aldean.

Jardueraren suspertzea euskal lan-merkatua dinamizatzen hasten ari da, eta Covid-19aren pandemiaren ondorioz aldi baterako erregulazio-espedientearen eraginpean egon diren pertsonen ia erdia dagoeneko irten da egoera horretatik. Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak kontabilizatu du martxoaren erdialdetik maiatzaren 28ra arte ABEEEren eraginpean egoteko eskabide metatuak 200.652 pertsonaren ingurukoak izan direla Euskadin. Hilabetea amaituta, 100.300 pertsonak jarraitzen zuten ABEEEren eraginpean eta prestazio horretan altan emanda, ia erdiak. Egoera hori amaitzeko hainbat arrazoi izan dira tarteko, baina gehienak beren lanpostura bueltatu dira.


Izan ere, maiatzean zehar, Lanbide 169.768 pertsona zenbatzera ailega da egoera horretan. Hilea amaitzean aldiz, 100.300 dira. 67.421 pertsona euren lanpostuetara itzuli dira eta 2.227 langabezi egoerara.


Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak honako hau nabarmendu du: “hasi gara tunelaren amaieran argia ikusten, eta gure jarduera hasi da suspertzen, baina oraindik ez zaio aurreko erritmoari heldu, eta horrek jarraitzen du ondorioak uzten”. Maiatzean, Euskadin, 3.072 langabe gehiago egon dira (+% 2,22). Lanbiden 141.715 pertsona daude langabe gisa erregistratuta, eta, igoera horretan, azken bi hiletan, 24.500 pertsona gehiago.


“Maiatzean, langabeziak behera egin ohi du, baita krisi-urteetan ere. Egoera normaletan, 4.500 - 5.000 langabe gutxiago egoten dira, baina hori ez da gaur egungo errealitatea. Lan-merkatuan jarraitzen du zenbait sektoreren paralizazioak eta eskari eta kontsumo orokortuen murrizketak”, esan du Belandiak.


“Zenbait sektore oraindik beren normaltasunetik urrun daude, eta hori, langabezia elkartuan ez ezik, gauzatu ez diren kontratuetan ere islatzen da”. Hori horrela, ostalaritzan eta merkataritzan izan du langabeziak eragin handiena. Langabe berrietako 2.193 zerbitzuen sektorekoak dira. “Euskadiko langabeen 96.655ek zerbitzuen sektorearekin daukate lotura, alegia, guztizkoaren % 68k”, esan du Lanbideko zuzendari nagusiak.


Azken hilabetean, langabeziagatik nabarmenenak diren jarduerak honako hauek izan dira: jateko eta edarien zerbitzuak (+338), txikizkako merkataritza (+282), hezkuntza (+180) eta egoitza-establezimenduetako laguntza (+164).


Sektore horiek, halaber, kontratazioaren ikuspuntutik eraginik gehien jasan dutenak dira. 2019ko maiatzaren aldean, kontratazio-bolumen handiena galdu duten jarduerak honako hauek izan dira: ostalaritza (-15.207), manufaktura-industriak (-9.202) eta arte- eta jolas-jarduerak (-5.051).


Nolabaiteko susperraldia kontratuetan


Oro har, maiatzean, halaber, igoera egon da kontratazio-kopuruan Euskadin; izan ere, 33.750 sinatu ziren, aurreko hilean baino % 26,9 gehiago. Nolanahi ere, kontratu-kopuruak jarraitzen du 2019ko maiatzean erregistratutakoa baino baxuagoa izaten, % 63,9. Kontratu berrietatik, 2.673, % 7,92, mugagabeak izan dira.


Paralizazio hori, halaber, urteko zenbaketan nabaritzen da. 2020ko orain arteko hiletako kontratu guztien metatua 268.999 da, aurreko urteko hil berekoa baino % 31,74 txikiagoa.


Afiliazioari begira, 946.886 pertsona zenbatzen dira afiliatuta autonomi erkidegoan bataz-beste, hau da, aurreko hilean baino 2-084 gutxiago.


Lurraldeen, generoaren eta adinen arabera


Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako datuak direla eta, urteko bosgarren hilean langabeziak hiru lurraldeetan egin du gora: gehien, termino erlatiboetan, Gipuzkoan egin du gora. % 3,06ko igoera izan du bertan, apirilean baino 1.138 langabe gehiago; guztira, 38.317 pertsona. Bizkaian, igoera % 1,99koa izan da; 1.555 langabe gehiago egon dira, guztira, 79.616. Araban, apirilean baino 379 langabe gehiago egon dira; hala, 23.782 langabe daude guztira, % 1,62 gehiago.


Langabeziaren igoeraren inpaktua nabarmenagoa izaten ari da 34 urtetik beherako pertsonen artean; nabarmentzekoa da 16 eta 24 urte bitarteko tartea, % 5,68 egin baitu gora langabeziak tarte horretan (607 langabe berri). Igoerarik neurrizkoena 54 urtetik gorakoen artean izan da, % 1,34koa.


Generoaren arabera, langabe berrietatik, 1.418 gizonak dira eta 1.654, emakumeak. Urteko erlazioan, langabeziaren igoera nabarmen altuagoa da gizonen artean (+% 31,87) emakumeen artean baino (+% 18,92). Hala ere, langabeen % 54,75ek jarraitzen dute emakume izaten. “Funtsezkotzat jotzen diren eta azken asteotan jarduerari eutsi dioten jardueretako asko, besteak beste osasuna edo zabalik iraun zuen merkataritza, oso feminizatuta daude, eta horrela azal daiteke langabeziak emakumeen artean izan duen eragin txikiagoa”.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #BorjaBelandia #JoséNestorArana #Lanbide #Langabezia #EnpleguErregulaziokoEspedientea

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude