Alerta horia astearterarte izotzagatik



Alerta horia ezarri du Eusko Jaurlaritzaren segurtasun sailak asteartera bitartean barnealdean egingo duen izotzagatik.

Zortzi gradu zeropetik izan dira beste behin ere Euskal Herriko barnealdeko herrietan. Euskalmet meteorologia agentziak igande iluntzeko 20:00etatik astearte goizeko 10:00ak bitartera luzatu du abisu horia barnealdeko txokoetan. Bestalde, Ataungo mendietan hotz handia izan ez bada ere, bailaratik igotako haize hotza, Sagastarri inguruan zegoen behelainoa izozteko gai izan da eta Antzigarra sortu du.

Euskalmeten eguraldi iragarpena (Astelehena): Ipar partean giro motelarekin jarraituko dugu eta baliteke, kostaldetik gertu, tantaren bat edo beste botatzea, bereziki gauean; hala ere, zerua ez da erabat estalita egongo eta eguerdi partean ostarteak zabalduko dira. Hegoaldean giro argiagoa aurkituko dugu. Bart sartu diren hodeiei esker, egunsentia epelagoa izan da, baina eguneko tenperaturak behera egingo du eta hotz kontuekin jarraituko dugu, balio altuenak 5-8 ºC artekoak izango dira.

Euskalmeten eguraldi iragarpena (Asteartea): Asteartean, orduak igaro ahala, kaskartzera egingo du. Goizean, kantauri isurialdean, ostarteak zabalduko dira eta barnealdean giro eguzkitsua izango dugu, baina arratsaldeak aurrera egiten duen heinean lainotzera egingo du eta eguna giro motelarekin amaituko dugu. Ipar partean, azken orduetan euri txikia egin dezake, bereziki kostaldetik gertu. Tenperatura apur bat igoko da.

#Ataunirratia #Ataun #Alerta #Euskalmet #Segurtsunsaila #Eguraldia #Albistea

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude