Astelehenean hasiko da zerbitzua ematen Euskotrenen Hendaiako geltoki berria

Trenbideak bikoizteak bigarren trena aparkatzeko eta maiztasunak 15 minutuz behingoak izateko aukera emango du.

Euskal Trenbide Sarea Euskadiko trenbide administratzaileak, datorren astelehenean, ekainaren 29an, jarriko du zerbitzuan Euskotrenen Hendaiako geltoki berria. Horrez gain, Covid-19aren ondoren mugaz gaindiko trenbide komunikazioak berreskuratuko dira. Egungo terminala, aurrekoaren toki erabilgarria bikoizten duen eraikin berria da. Halaber, nasa handitu egin da eta azken tartean trenbideak bikoiztu egin dira. Jarduketa horiei esker zerbitzu hobea eskaini ahal izango zaie erabiltzaileei, eta segurtasuna handitu eta irisgarritasuna hobetuko da.


Proiektua, 2017ko abenduaren 20an Frantziako Trenbideen Sozietate Nazionalaren (SNCF) eta ETSren artean sinatu zen hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da. Akordio horretan, SNCFk, trenbidea bikoizteko eta zegoen geltokia handitzeko beharrezkoak ziren lurrak lagatzeko konpromisoa hartu zuen. ETSk, bere aldetik, Frantziako trenbideetako mantentze-lanetako langileen aurrefabrikatutako bulego zaharrak kendu eta haien ordez berriak jarri ditu. Halaber, ingurunea urbanizatu du, eta langileentzat 48 plaza izango dituzten bi aparkaleku eraiki ditu.


Ondorengo fase batean, geltoki zaharra eraitsi eta Hendaiatik abiatzen eta bertara heltzen diren bidaiariei zerbitzua emateko behin behineko bat eraiki zen, aurrekotik 150 metrora. Bederatzi hilabetetan eman du zerbitzua.


Geltoki berriaren ezaugarriak


Denbora tarte horretan geltoki berria eraikitzeko lanak egin dira. 198 metro karratuko azalera du, eta aurrekoak 84 zituen. Eraikinak itxaroteko ataria du, eta bertan txartelak sartzeko hiru makina, bost makina baliogabetzaile, gainbegiratzailearen gela, bi armairurekin, aldagela, komuna eta garbiketa gela daude.


Lau metro zabal eta 91 metro luze den erdiko nasak alboan zegoen eta 1,9 metro zabal zen aurrekoa ordezkatu du. Orain arte, Hendaiara heltzen ziren trenak Irun-Coloneko katigamenduak kontrolatzen zituen, eta bidaiariei dagokienez, bi geltokien arteko tartea trenbide bakar gisa baino ezin zitekeen ustiatu.


Hendaiako geltoki berriarekin batera, bi katigamendu berri ere hasiko dira zerbitzua ematen. Lehenengoa, aurretik zegoena ordeztuko duen Irun-Colonekoa, eta beste bat Irun-Ficoban. Horrez gain, ETSk seinaleztapena aldatu du, Hendaian bigarren trenbidea sortu delako, eta Ficoban ere seinale berriak instalatu ditu. Horrek, geltoki horretan trenak gurutzatzeko aukera ematen du. Horrela, bidaiari gehieneko uneetan maiztasunak handitu egin daitezke. Une honetan maiztasuna ordu erdiz behingoa da.


Datorren astelehenetik aurrera berrezarriko den tren zerbitzuak 30 minutuz behingo maiztasuna izango du. Hala ere, sarean egindako hobekuntzei esker, bidaiari gehieneko uneetan maiztasunak 15 minutuz behingoak ere izan daitezke.


Urtean 700.000 erabiltzaile inguru dituen Euskotreneko geltokia, Hendaian trenbideko eta errepideko garraio operadore guztiek eskaintzen dituztenen artean gehien erabiltzen dena da.


Lanek 5,3 milioi euroko aurrekontua izan dute, eta kopuru horren %100 Eusko Jaurlaritzak finantzatu du. Euskadi-Nafarroa-Akitania Eurolurraldearen, Nouvelle Aquitaine lurraldearen, Communauté d’Agglomération Pays Basque izenekoaren eta Hendaiako Udalaren laguntza izan dute.


Sarbidea eta urbanizazioa


Geltoki berrirako sarbideak “PEM”, Pôle d’Echanges Multimodal d’Hendaye, (Hendaiako Trukatze Multimodal Zentroa) izeneko hirigintza proiektu berrira egokitu behar izan dira. Bi tren geltokien, SNCFren Gare eta Euskotrenen geltokiaren, ingurunea berriro urbanizatzeko asmo handiko planak Génerál de Gaulle Bulebarrari dagokion tartea ere jasotzen du, eta Euskal Herriko Mugikortasun Sindikatua (Syndicat des Mobilités Pays Basque Adour) ari da gauzatzen, Hendaiako Udalarekin, ETS-Euskotrenekin eta SNCFrekin batera, mugaz gaindiko mugikortasuna garatzeko Europa mailako proiektu baten barruan (POCTEFA funtsa).


Proiektua Topoaren geltokiaren proiektuaren ondoren jarri denez martxan, ezin izan dira biak aldi berean gauzatu. Hori dela eta, dekalajea gertatuko da astelehenerako, ekainaren 29rako, aurreikusirik dagoen Euskotrenen geltokia zerbitzuan jartzearen eta “PEM” ingurua urbanizatzeko lanen amaieraren artean. Azken lan horiek irailean amaitzea aurreikusten da. Horrela, aipaturiko urbanizazio lanak amaitu arte, geltoki berrirako sarrera behin behineko sarbidearen bitartez egingo da.


Jarduketa horren bitartez erremate egokia ematen zaie SNCFko geltokitik eta Général de Gaulle Bulebarretik toki horretan bat egiten duten oinezkoen ibilbideei. Halaber, informaziorako seinaleak eta hiriko altzari elementuak jartzeko erabilgarri dagoen tokia handitu egiten da.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #EuskoJaurlaritza #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Hendaia #Euskotren #Garraioa #Mugikortasuna #Ingurumena #Topoa #ETS #Irun #Ficoba #Frantzia #Trena

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude