Ataungo EAJk udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du


EAJren alkategaiak, Xabier Barandiaranek, Udal Hauteskundeetarako zerrenda eta herria indartzeko hamar oinarritako programa aurkeztu du.


“Ataun biziberritu eta herritarren arteko lankidetza bultzatzeko” helburua berretsi du gaur EAJren Ataungo alkategaiak, Xabier Barandiaranek, Udal Hauteskundeetarako zerrenda eta programaren aurkezpenarekin bat. “Proposamen zehatzak, kudeaketa eraginkorra eta elkarlana eskaintzen dizkiogu herriari”, adierazi du, eta horretarako herriaren eta herritar guztien mesedetan “konpromisoa, lanerako gogoa eta esperientzia” uztartzen dituen hautagaitza eman du ezagutzera Barandiaranek.

Herriari “bultzada sendo bat” emateko proposamen “berritzaile eta aurrerakoiak” ezagutzera eman ditu Barandiaranek. Besteak beste, erabilera anitzeko zentro edo gizarte-etxe berri bat eraikitzea, herria gurutzatzen duen errepideko puntu beltzak konpontzea, herria txukun mantentzeko ahalegina indartzea, adinekoentzako zerbitzuak hobetzea eta herriko eskola gunea bultzatzea –hizkuntzak, berdintasuna, ingurumena eta kulturgintzari lotutako ekintzekin–.


Hautagai gisa egindako aurkezpenean aipatu bezala, Barandiaranek Ataunen alde lana “gogotik” egingo duela hitza eman du. Bere jardunean, gaineratu duenez, “ingurumenaren zaintza eta konpromisoa” garatzearen alde egingo du, “herriko intereseko gaietan herritarren partaidetza” bultzatuko du, “kolektibo ahulenen mesedetan” lan egingo du eta “gizon eta emakumeen berdintasuna lehentasunezko gaia” izango da. Baita ere, EAJren hautagaiak azpimarratu du gidatzen duen lan- taldeak ataundarron arteko “elkarbizitza eta elkarlana” bultzatuko dituela bere Udaleko jardunean.

Horrez gain, EAJren programak proposatzen du legealdi hasieran Ataungo Egitasmo Estrategikoa garatzea, ahalik eta herritarrik gehienak inplikatuz; langabezia egoera bizi dutenei laguntzeko enplegu-sustapen plana; baserri bide eta herri lurretako irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen lanak; herribidean beharrezkoak diren konponketak egitea eta falta den zatiari amaiera ematea; eta dagoeneko hasita dauden etxeen eraikuntza amaitu eta hutsik dauden etxe-bizitzen alokairua bultzatzea.

#Ataun #Albistea #2019 #Udalhauteskundeak #Politika #EAJ #PNV #XabierBarandiaran #KontxiSukia #JoakinGoikoetxea #BixenteDorronsoro #BittorOroz #JoxanGoikoetxea #MariaCarmenSukia #AlbertoArellano #IñigoKerejeta #JuanFelipeBarandiaran #LeandroMImaz #FerminArrese #EuskalHerria

ATI © 2021

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude