Atotxako geltoki berria eraikitzeko lanek Mundaizko bidearen zati bat moztuko dute bihartik aurrera

Atotxako AHTren geltokiko bide orokorren behin-behineko desbideraketa egiteko aurretiazko lanak dira.

Euskadiko abiadura handiko lehen geltokia, Donostiako Atotxa geltokia, hiritarrentzat ikusgai izaten hasi da, lehen asteetan, obra ezartzeko topografia-lanek, bulegoak prestatzeak eta trenbide-jabariko eremuetan materialak pilatzeak denbora gehiena hartu ondoren.


Gaur, astelehena, trafikoko seinale bertikalak jarri dira, eta bihartik aurrera (uztailak 28, asteartea) Mundaizko bidea moztuko da 24 zenbakiaren (autobus-kotxetegi zaharrak) eta 18 zenbakiaren (xaboi-fabrika zaharra) artean. Mozketa horrek eragina izango du Egiatik Sagrado Corazón Mundaiz Ikastetxera doazen ibilgailuetan, eta, beraz, Deustuko Unibertsitatera sartzeko dagoen bidetik heldu beharko dute ikastetxera.


Tartearen okupazioaren xedea da trenbide-plataforma handitzea, geltokiko bide orokorren behin-behineko desbideraketa ahalbidetzeko, Atotxako geltokia birmoldatzeko lanei ekiteko lehen fase gisa.


Eremu horretan obrara sartzeko puntu bat izango da, eta Federico García Lorca pasealekuko bide baten mozketa puntualak aurreikusten dira. Obrak 24 hilabete iraungo duela aurreikusten da.


Halaber, hurrengo egunetan 950 metro karratuko azalera okupatuko da obrako kanpalekurako eta pilaketetarako, María Dolores Aguirre kaleko egoiliarren aparkalekuan, Teresa de Calcuta plazaren ondoan. Kale bereko aparkaleku pribaturako sarbidea uneoro bermatuko da.


Geltolki berriaren proiektua


Atotxako geltoki berria Iparraldeko Geltokiko egungo arkitekturan eta Tabakalera inguruan integratzen da, eta, aldi berean, garraiobideen arteko lotura bultzatzen du: aldirikoak, abiadura handikoak eta autobusak. Proiektua Eptisa Cinsa - Jon Montero aldi baterako enpresa batasunak sinatu du, eta Egia-Erdigunearen arteko mugikortasunari eta oinezkoentzako fluxuei erantzun integrala ematen die.


Moyua, Comsa eta Cycasa enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak egindako obrek 80,4 milioi euroko aurrekontua (BEZa barne) eta 42 hilabeteko epea dituzte, eta tren-zerbitzua une oro mantenduko dela bermatzen dute. Hori dela eta, lanak hainbat fasetan egingo dira, behin-behineko bide bikoitz bat martxan egon dadin beti. Bide hori mendebaldetik (Urumea aldea) ekialdera (Egia aldea) aldatuko da, obraren beharren arabera.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Ekonomia #Garapena #Donostia #Gipuzkoa #Euskadi #EuskalHerria #EAE #GipuzkoakoForuAldundia #EuskoJaurlaritza #Atotxa #TrenGeltokia #Azpiegitura #Garraioa #Trena #ETS #EuskalTrenbideSarea #AHT #AntonioAizSalazar #AitorGaritanoTrojaola

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude