Burlatan atxilotu dute emakume bati Gasteizen labankada bat emateagatik bila zebiltzan gizona

Asteburuan Gasteizen emakume bat sastakatzeagatik eta 2002an bikotekidea hiltzeagatik zigortu zuten gizona Burlatan atxilotu dute.

Jesus G.P. Burlatako eta Iruñeko udaltzainek atxilotu dute astearte honetan. Joan den larunbatean emakume bat labankadaz hil zuen Gasteizen, bere alaba adingabearen aurrean.


Atxiloketa 14:00ak aldera izan da, familiak Mugazuri industrialdean (Burlata) duen etxabe batean. Atxilotua Iruñeko Udaltzaingoaren egoitzan dago, eta datozen orduetan epailearen esku geratuko da.


2003an 22 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, Alicia Aristregi bikotekidea maltzurkeriaz eta ankerkeriaz hiltzeagatik, 2002ko apirilean Atarrabiako autobus geltoki batean bost labankada emateagatik.


Gizonak kontrol telematikoko eskumuturreko bat zeraman. Gailu horrek etxebizitzako sarrerak eta irteerak erregistratzen ditu, baina ez da geolokalizatzaile gisa balio dezakeen sistema bat, Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez.


Emaztearen heriotzagatik kondena jaso baino lehen, hiru urte eta erdiko zigorra ezarri zioten tratu txar fisiko eta psikologikoengatik eta 1987an ezkondu zenetik 2002ko apirilera arte egindako mehatxuengatik.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude