COVID-19ak 11 pertsona hil ditu azken orduetan EAEn eta 5 Nafarroan

Osasun Sailak COVID-19aren gailur epidemikoaren aldian hartu zituen eta ezohiko neurriak biltzen zituzten lau agindu indargabetu ditu.


Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du martxoan eta apirilean onartu ziren eta COVID-19aren gailur epidemikoari aurre egiteko ezohiko neurriak ezartzen zituzten hainbat agindu indargabetu dituela, egoeraren bilakaera ikusita. Zehazki, Osasuneko sailburu Nekane Murgak sinatutako lau arau indargabetu dira. Lehenik eta behin, koronabirusak eragindako laguntza-jardueraren areagotzeari aurre egiteko beharrezkoak ziren baliabide pribatu guztiak erabiltzea eta premiarik txikiena zuten eta pandemia transmititzeko arriskua areagotu zezaketen zerbitzuak atzeratzea ahalbidetu zuen martxoaren 24ko agindua indargabetu da. Horri esker, besteak beste, erakunde pribatuek beren jarduera programatua hasi ahal izango dute. Ildo beretik, bertan behera uzten da martxoaren 18ko agindua, zeinaren bidez eratu zen ezohiko egoerak iraun bitartean Euskadin eskura zeuden baliabide guztiak (osasunari, gestioari eta boluntariotzari lotutakoak) kudeatu eta koordinatzea xede zuen Zuzendaritza Batzordea. Era berean, arriskuak txikiagotzeko helburuarekin hileta-osasunaren arloko ezohiko neurriak (tanatopraxiako esku-hartzeei zein gaubeilei eta zeremonia zibil eta erlijiosoei –hileta-izaerakoak barne– lotutakoak) ezarri zituen martxoaren 26ko agindua indargabetu da. Bertan behera geratu den laugarren agindua apirilaren 6koa da. Agindu horren bidez, nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaiak eta produktuak zuzenean saltzeko azoka eta feria tradizionalak aldi baterako eten ziren, eta denda-ibilgailuen bidezko saltoki ibiltarien jarduera arautu zen. Indargabetze horiek Euskadin normaltasunera itzultzeko egiten ari den deskonfinamendu progresiboaren testuinguruan kokatu behar dira, betiere COVID-19aren bilakaera epidemikoa kontuan hartuta. Horri dagokionez, konpromiso eta erantzukizun indibidual eta kolektiboari eustearen garrantzia azpimarratu behar da beste behin. Ildo horretan, Osasuneko sailburu Nekane Murgak atzo aurkeztu zuen Euskadin koronabirusaren transmisioa prebenitzeko gomendioen gidaliburuan bildutako gomendioak zorrotz betetzeko eskatu du Osasun Sailak. Datozen egunetan, gidaliburu horren 350.000 liburuxka baino gehiago banatuko dira Osakidetzako zentroetan, farmazietan eta euskal udalerrietan. Halaber, bertsio digitalean egongo da eskuragarri, www.euskadi.eus/coronavirus webgunean. Arau-indargabetze horiez gain, epe horretan hainbat hotel eta apartamentu jarri dira osasun-agintaritzaren esku, osasun-profesionalak nahiz COVID paziente arinenak hartzeko. Horietako bat, jada pazienterik ez dituena, Gran Hotel Lakua da eta Osasun Sailak eskerrak eman nahi dizkio COVID-19aren sintomatologia arineko pazienteak hartu dituen aldian bertako langile guztiek eta zuzendaritzak eskaini duten zerbitzu, tratu eta elkartasun bikainagatik. Igandera arte, guztira 187 paziente hartu dituzte establezimendu horretan. Establezimenduaren desinfekzioa atzo amaitu zen, eta Osakidetzako Arabako ESIko 46 profesionalek hartu zuten parte lan horretan. EGINDAKO PROBAK Euskadin, 115.593 PCR eta 61.416 test azkar edo serologiko egin dira orotara. Atzo, 20:00ak arte, 8.618 proba egin ziren guztira. BAIEZTATUTAKO KASUAK Pandemia hasi zenetik atzoko 20:00ak arte, baieztatutako koronabirus-kasuen kopurua 16.679 da, eta, horietatik, %76,4 osatuta edo alta emanda daude. Atzo PCR bidez baieztatutako positibo berriak 43 dira. Pertsona batek une horretan bertan birusa duen eta gaixo dagoen detektatzen du proba horrek. “Test azkarren” bidez detektatutako kasu berriak 317 dira. Pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen ditu proba horrek, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake. POSITIBOEN ETA OSPITALEEN EGOERA Orain arte, 1.364 heriotza gertatu dira guztira, eta, horietatik, 11 erregistratu ziren atzo. Horrez gain, 584 pertsona daude ospitaleratuta, eta, horietatik, 504 solairuko geletan daude, eta 80 ZIUn.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude