EH Bilduren proposamena onartu ostean, pandemiak hezkuntzan izango dituen ondorioak aztertzera

EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean EAJrekin eta PSErekin adostu du Jaurlaritzak pandemiak hezkuntza sisteman dituen ondorioak aztertzea.

Eusko Jaurlaritzak EH Bilduren proposamena onartu du eta pandemiak hezkuntza sisteman dituen ondorioak neurtuko dituen diagnostikoa egingo du, "Ahuleziak detektatzeko eta ahalik eta irtenbiderik onena emateko".


Gasteizko Legebiltzarrean EAJrekin eta PSErekin adostutako koalizio soberanistaren ekimenaren arabera, Hezkuntza Sailak "azterketa bat" egingo du "egoera epidemiologikoaren bilakaeraren aurrean ikastetxeen beharrizan gehigarriak identifikatzen jarraitzeko".


Ikoitz Arrese EH bilduko legebiltzarkidearen ustez, koronabirusak "argitara atera ditu hezkuntza sistemaren gabeziak eta dagoeneko agertzen zituen akidura sintomak", eta, beraz, garrantzitsua da horren inguruko diagnostikoa egitea, beharrezko neurriak hartzeko.


Azterketa hori egiteko, "Arreta berezia jarri beharko zaie kolektibo ahulenei, baliabide teknologikoak eta osagarriak identifikatzeari eta emateari dagokionez", Arresek azaldu duenez. Horren harira, azpimarratu du pandemiak "agerian" utzi duela hezkuntza sistema ez zegoela on-line irakaskuntzarako prestatuta, baliabide teknologikoen faltagatik eta konektibitate arazoengatik, batez ere landa eremuan.


Era berean, eskolako jantokien itxieraren inguruan jarri du arreta, izan ere, adingabe askorentzat "jantokikoa da bere eguneko janari bero bakarra".


EH Bilduk azaldu duenez, akordioak "ikasleen hizkuntza gaitasunaren egoera aztertzea" aurreikusten du. Ildo horretan, Arresek gogorarazi du ikasle gehienek euskararekin duten harreman bakarra eskolan dutena dela, eta horrek "hizkuntza ereduen sistemaren agortzea eta euskarazko murgiltze eredu batera joateko beharra" ere erakusten duela.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude