Elkarretaratzea CAFen Beasaingo egoitzaren aurrean Castejongo Trenasaren itxiera salatzeko

Ehun pertsona baino gehiago bildu dira Beasaingo CAF taldearen atean Trenasa-Castejongo lantegiaren itxiera salatzeko.

Ehun lagunetik gora joan dira asteazken honetan Beasainera, CAF taldearen egoitzaren aurrean protesta egiteko, Trenasa-Castejongo lantegiaren itxiera eta lantegiko 110 langileen kaleratzea salatzeko.


CCOOk, Trenasako sindikatu nagusiak, itxiera "erabat arbitrarioa" dela esan du, "Ez du inolako justifikaziorik eta ez dio taldearen errealitate ekonomikoari erantzuten, etekin handiak baititu".


Miguel Angel Molina enpresa batzordeko presidenteak Castejongo lantegia bideragarria dela berretsi du. "Lantegi gazte eta kualifikatua gara, lantegia bideragarria da, ekoizten denak merkatuan du irteera eta taldea ez da defizitarioa; beraz, CAFek erantzukizun sozial korporatiboarekin joka dezala eskatzeko prest gaude", adierazi du Molinak. CCOOko ordezkariak itxierak inguruko ekonomiari eta kaleratuei eragingo liekeen kaltea kontuan hartzeko eskatu du, 110 familia.


Bestalde, Josema Romeo CCOO Nafarroako Industria Federazioko idazkari nagusiak adierazi duenez, "Kontzentrazioa taldearen egoitza nagusiko atean egin nahi izan dugu, enpresa horrek negoziazioetan izan duen itxikeriaren aurrean jarritako salaketa ikusarazteko; Arizkorreta buru duen zuzendaritza zorrotza da, elkarrizketa gutxikoa eta itxia. Gainera, ziurtatu duenez, "Taldeak erabakitzen ditu CAFeko lantegi bakoitzari egozten zaizkion kargak, beraz, zuzendariak dira, eta ez merkatua, Trenasa-Castejon ixtea erabakitzen dutenak".


Trenasako langileek greba mugagabea hasi zuten urriaren 2an eta ordutik mobilizazioak egiten ari dira.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude