Emakunde: Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko baliabide eta zerbitzuak martxan daude

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak gogorarazi du indarkeria matxistaren biktimei premiazko arreta emateko baliabide eta zerbitzu guztiak martxan daudela Euskadin.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak gogorarazi du, Covid-19aren ondorioz sortutako osasun publikoko larrialdi-egoerara egokitu behar izan badira ere, martxan daudela indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko euskal erakundeek eskaintzen dituzten baliabide eta zerbitzuak.


Osasun-larrialdia dela eta birusaren hedapena geldiarazteko, aurrez aurreko zerbitzu batzuk modu telematikoan eskaintzen dira, baina larrialdi-baliabideak eta zerbitzuak mantentzen direla bermatzen da, eta horren barruan sartzen dira indarkeriaren biktima diren emakumeei premiazko arreta eta harrera emateko zerbitzuak, osasun-alarmako egoera honetan segurtasun eta higiene neurri bereziak hartu behar izan badira ere.


Hala, biktimak artatzeko 24 orduko telefonoa aktibo dago (900840111), indarkeriaren biktima diren emakumeak babesteko Segurtasun Sailak eskaintzen dituen zerbitzuak aktibo jarraitzen dute (bortxa telefonoa, genero-indarkerian espezializatutako ertzainak, segurtasun pribatua…), genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ordainketa bakarreko prestazio ekonomikoaren eskaerak ebazten jarraitzen da (laguntza eskatzeko bide telematikoa irekita dago, eta deiei ematen zaien arreta ziurtatuta dago), bermatuta daude Biktimei Laguntzeko Zerbitzua eta arlo judizialeko laguntza osoa hiru lurraldeetan, emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiak, genero-indarkeriaren biktimentzako doako laguntza juridikoko zerbitzuak, etxeko tratu txarren biktima diren emakumeentzako berehalako harrera-zerbitzuak, biktima diren emakumeentzako egoitza-zentroak eta aholkularitza juridikoko eta laguntza psikologikoko zerbitzuak… Nolanahi ere, egoera aldian-aldian aztertuko da, beharrak identifikatzeko eta zerbitzuak eta baliabideak horietara egokitzeko.


Era berean, Emakundek, koordinazio-lanean, herritarrei ematen dien zerbitzuari eusten dio telefono bidez, bai eta posta elektroniko bidez ere. (945016702 eta emakunde.zuzendaritza@euskadi.eus)


Emakundek gogorarazi duenez, bizi dugun alarma-egoera komunitario honetan ere, funtsezkoa da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa. Hori geldiaraztea gizarte hau osatzen dugunon erantzukizun partekatua da, bakoitza gure erantzukizun-eremutik.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #Emakunde #Emakumeak #Berdintasuna #MirenIzaskunLandaida

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude