Emakundek COVID-19ak eragindako egoera txertatu du argitaratutako bere azken programan

Emakume biktimak artatzen dituzten profesionalak prestatzeko programan txertatu du Emakundek COVID-19ak eragindako egoera.

Emakundek indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzen dituzten profesionalentzat duen Jabetuz izeneko prestakuntza-programan txertatu du COVID-19aren pandemiak eragindako egoera. Hain zuzen ere, aste honetan ekin zaio on line prestakuntza-programaren ikastaro aurreratuari.


Hainbat modulu ditu, eta modulu horietan, besteak beste, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren seme-alaben inguruko araudia aztertzen da, giza eskubideen, haurren eta generoaren ikuspegi hirukoitzetik; edo desgaitasuna duten emakumeen aurkako indarkeria, emakume horien errealitatera eta beharretara modu espezifikoagoan hurbiltzeko. Une honetan, Ikastaro aurreratua abian da. Jarduera hau bat dator, besteak beste, Europako Kontseiluak Istanbulgo Hitzarmenaren Adierazpena COVID-19 pandemian aplikatzeari buruz egindako adierazpenarekin. Ikastaro aurreratu honekin batera, otsailean hasitako oinarrizko ikastaroa ere martxan dago. Jabetuz ikastaroa 2015ean jarri zen martxan, onarpen handiarekin, eta, ordutik, eskaera-kopuruak gora egin du urtero, mila profesional baino gehiago prestatuz. Jabetuzen helburu nagusia da emakume biktimak artatzen dituzten profesionalen artean ikuspegi komun bat adostea, esku-hartze profesionaleko irizpideak homogeneizatzen laguntzeko, beti ere emakumeen ahalduntzea ardatz nagusitzat hartuta. Honekin batera, profesionalen artean informazioa trukatzea eta koordinazioa hobetzea ere bada helburua. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eskerrak eman dizkie irakasleei eta ikasleei egiten ari den ahaleginagatik, eta bereziki Osakidetza, Ertzaintza, abokatutza, irakasleak, hiru aldundietako eta udaletako langileak eta Eusko Jaurlaritzako sailak zuzenean artatzen dituzten pertsona guztiei, besteak beste, ikasleak baitira eta zuzenean parte hartzen ari baitira ikastaroan.


Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, "indarkeriari aurre egiten dioten emakumeak artatzen dituzten langileen prestakuntza funtsezko konpromisoa da berdintasunaren inguruko politika publikoetan aurrera egiteko. Prestakuntza horrek, ikuspegi feministatik, oinarriak ezarri behar ditu arreta hori emakumeei erreparazio- eta ahalduntze-bidean laguntzeko gai izan dadin ". Jabetuz ekimenaren aurreko hamar edizioetan parte hartu dute Emakume Biktimen Arreta Hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioa osatzen duten erakunde guztietako profesionalek, hala nola Arartekoak; osasun, justizia, segurtasun, gizarte-bazterketa, etxebizitza eta hezkuntza arloetan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailek; Osakidetza, Lanbide, Ertzaintza, Hezkuntza Ikuskaritza eta Berritzeguneek; Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitateek, talde psikosozial judizialek eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiek, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako gizarte-langileek eta udaletako berdintasun-teknikariek, udaltzaingoak, Legelarien Euskal Kontseiluak eta Mediku Kontseiluak.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #MirenIzaskunLandaidaLarizgoitia #Emakunde #Indarkeriamatxista #Generoberdintasuna #Berdintasuna

Nahikobero

ARROSA SAREA

arrosa-logo-berria.png

Ataun Irratia, Arrosa Irrati sarearen parte da 2020ko maiatzetik eta elkarlanean zenbait jarduera eskaintzen ditu.

EUSKARA

Ataun Irratia eta bere eduki guztiak euskaraz ikusi, irakurri eta entzuteko aukera duzu.

ATI CC 2020