Ertzaintzak baimendutako jarduerak segurtasun neurriak betez egin behar direla gogorarazi du

Ertzaintzak gogoratzen du jarduera horiek guztiak segurtasun eta autobabes baldintzak betez eta pertsonen arteko distantzia fisikoa errespetatuz egin behar direla.

Ertzaintzaren buruak gaur beste jakinarazpen bat bidali die Ertzaintzako unitate guztiei eta udaltzaingoen arduradunei, SND/380/2020 Aginduan ezarritako neurri berriak aplikatzeko irizpide orokorrak partekatzeko. Agindua gaurko, maiatzaren 1eko, BOEn argitaratu da eta bertan, besteak beste, ezartzen da bihar larunbatetik, maiatzaren 2tik, aurrera, 14 urtetik gorakoek jarduera fisiko ez-profesionala egin ahal izango dutela aire librean. Horrez gainera, indarrean dagoen alarma-egoeran herritarrak paseatzera irteteko ordutegiak eta baldintzak ere ezartzen dira. Ertzaintzak gogoratzen du jarduera horiek guztiak segurtasun eta autobabes baldintzak betez eta pertsonen arteko distantzia fisikoa errespetatuz egin behar direla. Eragin horietarako, Ertzaintzaren buruak gogoratzen du komenigarria eta oso gomendagarria dela etxetik kanpora maskarak erabiltzea, elkarbizitzarako guneetan beharrezkoa den distantzia fisiko hori bermatu ezin denean. Etxetik kanpora jende gehiago egotea ahalbidetzen duen egoera berri horrek arindu egingo ditu herritarren konfinamendu-baldintzak, baina, aldi berean, inoiz baino beharrezkoa izango da portaera indibiduala eta kolektiboa arduratsua izatea, autodiziplina neurriak hartzea eta osasun publikoak duen arriskuaren kontzientzia argia izatea. Alde horretatik, Ertzaintzak, bereziki agintari sanitarioek proposatutako neurriak ezarriko diren lehenengo egun hauetan, jarrera pedagogiko eta didaktikoa sustatuko du, herritarrek uler dezaten onartu berri den aginduak baimendutako jarduerak behar bezala egin behar direla, biztanleria osoaren onerako. Ertzaintzaren buruaren jakinarazpenean gogoratzen da, beraz, ezarritako baldintzak nabarmen eta behin eta berriz betetzen ez direnean, Ertzaintzak eta udaltzaingoek esku hartuko dutela eta, beste irtenbiderik ezean, antzeko kasuetan egiten ari diren moduan jardungo dutela, dagokion HSBLO ezarriz zehapen-espedienteak abiarazita.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #Ertzaintza #Udaltzaingoa #Deseskalatzea

Nahikobero

ARROSA SAREA

arrosa-logo-berria.png

Ataun Irratia, Arrosa Irrati sarearen parte da 2020ko maiatzetik eta elkarlanean zenbait jarduera eskaintzen ditu.

EUSKARA

Ataun Irratia eta bere eduki guztiak euskaraz ikusi, irakurri eta entzuteko aukera duzu.

ATI CC 2020