Eskolaz gaindiko jarduerak bultzatu eta Ataungo eskola gunea indartzea proposatu du EAJk


Xabier Barandiaran alkategaiarekin batera Ataunen izan da Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua.


Eskolaz gaindiko jarduerak bultzatu eta Ataungo eskola gunea indartzea proposatu du Ataungo EAJren alkategaiak, Xabier Barandiaranek, “herriaren etorkizuna” diren haur eta gaztetxoen hezkuntza eta aisialdirako aukerak indartu asmoz. Hala jakinarazi du gaur Barandiaranek, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk Ataunera egindako bisita probestuz.

“Ataundarron etorkizuna eskolako haurretan dago. Eskola gunea indartu behar dugu, eskolaz gaindiko kultura jarduera ezberdinak egiteko aukera berriak bultzatuz. Hizkuntzak, berdintasuna, ingurumena eta kulturgintza gai nagusitzat harturik, gaztetxoentzat beren herri garapenerako eskaintza bideratzea izango da gure helburua”, berretsi du, Joxemiel Barandiaran eskolan egindako adierazpenetan. Bertan izan da EAJko alkategaia, Ainhoa Aizpururekin eta hautagaitzako gainontzeko zerrendakideekin.

Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuarekin herriko proiektu eta beharrizanak aztertu dituzte, zerbitzuen eta azpiegituren ikuspegitik, beti ere. Lehen sektorean belaunaldi berritzea bultzatzeko proposamenak konpartitzeaz gain, ingurumenaren zaintza eta landa bideen egoera izan dute aztergai.

Barandiaranek aipatu duenez, Ataunek “mendi eta baso ugari” du eta horien guztien zaintzak “garrantzia handia du bai ustiaketaren ikuspuntutik eta baita ingurumenaren zaintzaren ikuspuntutik”. “Datorren legealdian baserri bide eta herri lurretako irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen lanak egitea proposatzen dugu”, osatu du.

#Albistea #Ataun #Ataungoudala #2019 #EAJ #PNV #XabierBarandiaran #AinhoaAizpuru #Gipuzkoa #EuskalHerria #Goierri #Udalhauteskundeak #JoxemielBarandiaranikastetxea #Politika #Ekonomia

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude