Eusko Jaurlaritzak “COVID-19.EUS” jarri du abian koronabirusa geldiarazten laguntzeko

Euskadin 5.136 pertsona daude konfirmatuta koronabirusarekin, 241 hildako eta 1.023 berreskuratu edo alta emanda.

Eusko Jaurlaritzak, EricTel euskal enpresarekin batera, COVID.EUS garatu du, koronabirusa geldiarazten lagunduko duen herritarren sare bat sortzea helburu duen aplikazioa. Horretarako, haren prebentzioan, detekzioan eta jarraipenean lagunduko du. Osasuneko sailburu Nekane Murgak gaur aurkeztu du ekimen hau. Lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, eta dagoeneko eskuragarri dago Androiden eta laster prest egongo da IOSen ere. Tresnak OMEren eta Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroaren jarraipen-eredu bera erabiltzen du. Aurkezpenean, sailburuarekin batera izan dira BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioko zuzendaria, Iñaki Gutierrez; eta ERICTEL ingeniaritzako euskal enpresako presidentea, Mikel Carcedo. COVID.EUS sare sozial bihurtzeko bokazioarekin sortua da eta hiru helburu hauek ditu: - BAT: PREBENTZIOA. Edonork aukera du aplikazioa deskargatzeko, autodiagnostiko baten bidez bere osasun-egoera gehitzeko eta bere hurbileko zirkulua eransteko, bai familiakoa, bai lagunartekoa, bai lanekoa/hezkuntzakoa. Horrela, pertsona guztiak elkarrekin konektatuta egongo dira, ohiko gomendioak jasoko dituzte, beren osasunaren jarraipena egingo dute eta besteen egoera ikusiko dute. Horrek, prebentzioa oraindik ere gehiago areagotzen lagunduko du. - BI: ETXEETAN EGON DAITEZKEEN KASUEN JARRAIPEN HANDIAGOA. Osasun Sailari eta Osakidetzari beren etxeetan sintomekin dauden pertsonak gehiago ezagutzea eta haien jarraipen handiagoa egitea ahalbidetuko die, betiere modu anonimoan. Horrek aurrerapen garrantzitsua dakar hobeto eta hurbiltasun handiagoaz artatzeko, baita ahaleginak gehien behar dutenengan zentratzeko ere. Laguntzako osasun-profesionalek egunero emango diete estaldura berrogeialdian dauden eta afektazio arina edo moderatua duten pertsonei, litekeen larriagotze bat aurreikusten saiatzeko. Osasun-profesionalek egunero ebatziko dituzte beren zalantzak eta, horrela, antsietatea murrizten lagunduko dute. - HIRU: KASU-KONTZENTRAZIOEN ANALISIA. Epidemiologia-taldeen lanerako errefortzu gisa balioko du. Izan ere, kasuak non dauden kokatu ahal izango dute, eta, behar izanez gero, transmisio handiko eremuetan diagnostikorako eta jarraipenerako esku-hartze indibidualizatuagoak egin ahal izango dituzte. Osasun Sailak berretsi du ebidentzia zientifikoan oinarrituta dagoela aplikazio hori, eta "berme guztiak" betetzen dituela. Gainera, azpimarratu dute datuak modu "anonimoan" partekatuko direla. Alta emateko hurrengo bi gauza soilik beharko dira: posta edo telefono mugikor bat (kontu faltsua ez dela egiaztatzeko) eta posta kodea, erabiltzailea bizi den gunea zein den jakiteko. Hori guztia anonimotasuna zaintzeko eta datuen babesa betetzeko helburuarekin.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #IñakiGutierrez #NekaneMurga #MikelCarcedo

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude