Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Plana, 2019-2020 ikasturte amaierarako

Aurrez aurreko jarduera eten aurretik ikasleek lortutako maila funtsezko oinarri gisa erabili beharko da, ikasturte amaieran kalifikazioari buruzko erabakiak hartzeko.

Hezkuntza Sailak gaur eguerdiz aurkeztu du, prentsaurrean, 2019-2020 ikasturteari amaiera emateko prestatu duen Hezkuntza Plana. COVID-19 izurriteak eragindako egoeraren bilakaera ziurtasunez ezagutzea zein osasun-alarma egoerak zein iraupen izango duen zehaztea ezinezkoa denez, eta EAEko ikasle guztien hezkuntzarako eskubidea bermatzeko betebeharraren aurrean, beharrezkoa da irakaskuntzako esku-hartze osoa planifikatzea ikasturteko azken hiruhilekoan jarduera garatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietara dagoeneko bidali den dokumentuak honako hauek jasotzen ditu: irakasle-taldeak koordinatzeko orientabideak eta jarraibideak, metodologiak, curriculum-egokitzapenak, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna edo ebaluazio irizpideak, besteak beste. Azken elementu horri dagokionez, hau da, ebaluazioari dagokionez, nahitaezkoa da ikasturte amaierara arte aurrez aurreko edo urrutiko irakaskuntza-jarduera ahalik eta gehien aprobetxatzeko estrategiak planifikatzea, eta ebaluazio-prozedurak ezartzea ikasleen oinarrizko gaitasunen garapen-maila zehazteko, aipaturiko maila horiek ziurtatzeko helburuz. Ebaluazioak COVID-19 osasun-larrialdiak ikastetxeetan eragindako egoera dela-eta, irakaskuntza-jarduera planifikatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko neurriak bultzatu behar dira, orain arte erabili izan direnez oso bestelakoak. Ikasturte honetan izan diren ezohiko egoerek baldintzatu egingo dituzte lortu ez diren helburuak ebaluatzeko, kalifikatzeko, mailaz igotzeko eta errekuperazio prozesuetan erabilitako prozedurak eta erreferentziak. Euskal Eskola Publikoaren Legean ezarritako ikastetxeen autonomia pedagogikoarekin bat etorriz, ikastetxe bakoitzari dagokio prestakuntza-helburu horiek zehaztea bere curriculum-proiektuetan eta gelako programazioetan. Ikastetxe bakoitzean, dagokion irakasle-taldeak edo departamentu didaktikoak lehentasuna emango die ikaskuntza-helburuei, edota egokitu egingo ditu, curriculuma emateko egungo baldintzetara; eta argi eta garbi adieraziko du zein diren lorpen-adierazle berriak, ikasturte honen amaierako ebaluazioan kontuan hartuko direnak. Zuzendaritza-taldeak eta erreferentziazko ikuskatzaileak bilerak izango dituzte maiatzeko lehen hamabostaldian, eta bilera horietan ikastetxeak proposatutako ebaluazio-prozesua aztertu, baloratu eta legitimatuko da. Kontuan izanik eskola-egutegiaren bi heren inguru garatua zela aurrez aurreko jarduera eten zen unean, irakasle-taldeek bazuten informaziorik zehazteko zer mailatan egin zuten aurrera ikasleek ikasmaila bakoitzerako planifikatutako oinarrizko helburuetarantz. Ikasturte akademiko honen ezaugarri bereziak direla eta, jarduera presentziala eten aurretik ikasleek lortutako mailari buruz jasotako informazioa funtsezko oinarri gisa erabili beharko da behin betiko ebaluazioari buruzko erabakiak hartzeko eta horren ondoriozko ikasturte amaierako kalifikaziorako. Horrela, ikasturte hasieran 2. hiruhilekorako planifikatutako helburuak oinarrizkotzat hartuko dira 2019-2020 ikasturteko ebaluazio-prozesuan. Hirugarren ebaluazioari dagokionez, ikastetxeek honako aukera hauek izango dituzte: Hirugarren ebaluazio espezifiko bat egitea, hirugarren hiruhilekoan helburuak eta gaitasunak lortu diren baloratzeko Ikastetxeak erabakiko du ebaluazio hori nola egin (aurrez aurre, ahal balitz; azterketak online eginez, lanak eginez, etab.). Etengabeko prestakuntza-ebaluazioaren esparruan, amaierako ebaluazio integratua egitea; urrutiko prestakuntzan zehar emandako prestakuntzak gehitzeko balioa izango luke. Kasu horretan, lehen bi ebaluazioetan lortutako emaitzak hartuko dira kontuan, horiek izango baitira azken kalifikazioa zehaztuko dutenak, eta hirugarren hiruhilekoan lortutako emaitzak modu osagarrian gehituko zaizkie.

Aurrez aurreko hezkuntza-jardueran zeuden bitartean aurreikusitako helburuak eta konpetentziak lortu ez dituzten ikasleen kasuan, ikasturteko azken hiruhilekoan –ahal dela- 1. eta 2. hiruhilekoei dagozkien gutxieneko helburuak lortzeko egingo da lan. Irakasle-taldeak uste badu gutxieneko helburuak lortu ez dituen ikasle batentzako hezkuntza-neurririk egokiena ikasturtea errepikatzea dela, ikasle horren txosten indibidualizatua egin beharko du, neurri hori hartzeko arrazoiak adierazita. Txosten hori Hezkuntza Ikuskaritzaren esku egongo da. Ikasle batentzat planteatutako ikasturte-errepikapenaren inguruan zalantzak sortzen diren kasuetan, Hezkuntza Ikuskaritzak egiaztatuko du errepikapenaren arrazoiek ez dutela loturarik ikaslearen konfinamendu-egoeraren ondorioz agertutako desberdintasun-egoerekin. Irakasleak, metodologiak eta errefortzuak Ebaluazioez gain, ikasleekin egingo den esku-hartzean koherentzia bermatzeko gomendioak ere jasotzen dituzte jarraibideek. Azpimarratzen da beharrezkoa dela irakasle-taldearen koordinazio ona lortzea, irakasleen informazioa partekatzea, ikasturtea amaitu arte planifikatutako zereginetan koordinatzea, hezkuntza-errefortzuen proposamenak bereziki berrikustea, etapa amaierako helburuak indartzea eta Lehen Hezkuntzako 6. mailan, DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 2. mailan mailaz igotzeak dakartzan berezitasunetan arreta ipintzea. Errefortzuei dagokienez, egungo egoerak errefortzua aurreikustea eskatzen du, laguntza espezifikoak emanez eta arlo edo ikasgai instrumentalak lehenetsiz, bai ikasturte honen amaieran, bai hurrengoaren hasieran. Arreta berezia eskainiko zaie online prestakuntzarako aukerarik izan ez duten ikasleei, desabantailan egon ez daitezen. Gomendagarria da, oro har, udako oporretan indartze- edo errekuperatze-lanak agintzea. Irailak indartze-izaera argia izango du. Aurrez aurreko eskolak berreskuratzeko aukera Euskadi Covid-19ren eragina nozitzen hasi zenetik, Hezkuntza Saila etengabe ari da lanean Osasun Sailarekin koordinatuta. Osasun Sailak Hezkuntzakoari jakinarazi zion aurrez aurreko irakaskuntza bertan behera utzi beharra zegoela, eta, beraz, osasun-agintariek erabakiko dute ikasturte honetan aurrez aurreko irakaskuntza berreskuratzea posible izango ote den. Erabaki hori noiz iritsiko zain, Hezkuntza Saila ikasgeletarako itzulera mugatu bat diseinatzeko lanean aritu da ikasturte honen azken zatian. Osasun Sailak bidalitako informazioari erreparatuta, eta datozen asteetan ikasgeletan erabateko normaltasuna ezin izango denez derreskuratu, Hezkuntza Sailak balizko itzulera bat prestatu du, bereziki kritikotzat jotzen diren hezkuntza-mailak lehenetsiz. Zehazki, DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. DBHko 4. mailaren eta Batxilergoko 2. mailaren kasuan, ikasleek titulu ofizial bat lortzen dute –bi mailak bereziki garrantzitsu bihurtzen dituen ezaugarri bat da hori-, eta Batxilergoko 1. mailan, ikasleek prestakuntza handia behar dute Batxilergoko 2. mailara igaro aurretik. Lanbide Heziketari dagokionez, lehen mailetako ikasleak (izan Goi Mailako Lanbide Heziketan, Erdi Mailakoan nahiz Oinarrizkoan) itzuliko dira ikasgeletara. 2. mailako ikasleak –une honetan enpresetan praktikak egiten egon beharko lukete- enpresetara itzuliko dira. Hori egingarria ez balitz, online eta aurrez aurreko prestakuntza-sistema misto berri bat eskainiko zaie, salbuespen gisa. Aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzea, Osasun Sailak emandako osasun-neurriei jarraituz egingo da. Aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzea, Osasun Sailak adierazitako osasun-neurriei jarraituz egingo da. Lehentasuna, uneoro, hezkuntza-komunitatearen osasuna eta segurtasuna izan da, bai eta hezkuntzarako eskubidea ere, hartu diren erabaki eta planteamenduetan. Hezkuntza Sailak lanean jarraitzen du, eta beharrezkotzat jotzen dituen erabakiak hartuz, ikasturte amaiera bermeekin gauzatzeko. Eusko Jaurlaritzak, beste behin ere, hain une zailean maisu-maistrak, irakasleak eta hezkuntza-komunitate osoa egiten ari diren lana eta erakusten duten inplikazioa eskertu nahi ditu jendaurrean. Halaber, seme-alaben heziketaren alde egunez egun familiek egiten duten ahalegina ere eskertu nahi du. Hezkuntzarekiko konpromisoa funtsean, gizarte osoa indartzen duena. Hezkuntza Sailaren jarraibideak zein ikasturte honen amaierarako funtsezko curriculum-edukiak jasotzen dituzten eranskinak eskuragarri egongo dira Hezkuntza Sailaren webgunean eta Irekia atarian.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #CristinaUriarte #MirenMaiteAlonsoArana

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude