Gabonetan EAEtik irteten diren pertsonak nahi dutenean itzuli ahal izango dira

Gabonak gertukoekin igarotzeko EAEtik irteten direnek hilaren 23tik 26ra edo abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean irten beharko dute.

EAEtik kanpoko bidaia horiek ezin izango dira inolaz ere oporretarako izan, eta erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira, bidaiaren arrazoia "Gabonetan senideak eta gertukoak bisitatzea" dela argi uzteko.


Horrela, Gabonak ospatzera beste lurralde batera joateko asmoa dutenek aldi baterako bi leiho izango dituzte EAEtik irteteko, baina "behar dutenean" itzuli ahal izango dira, ohiko etxebizitzara itzultzea baita azken alarma-egoeraren Errege Dekretuan jasotako mugikortasun-mugaren salbuespenetako bat.


Printzipio hori bera aplika dakieke EAEra hurbilekoak ikustera joaten diren beste lurraldeetako pertsonei ere: abenduaren 23tik 26ra bitartean edo abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean sartu beharko dute, baina "ohiko egoitzetara itzuli ahal izango dira, behar dutenean".


EAEko biztanleek ere Estatutik irten ahal izango dute familia-topaketa horietarako, baina kontuan hartu beharko dituzte helmugako herrialdean sartzeko baldintzak – PCR edo berrogeialdia gordetzea, adibidez –, eta, itzulerari begira, Espainiako Gobernuak herrialde jakin batzuetatik etorritako bidaiariak iristeko ezarritako baldintzak.


Horiek dira, besteak beste, 'Ohiko galderei emandako erantzunak' dokumentuko argibideetako batzuk; hain zuzen ere, Eguberrietako afari eta bazkarietarako ezarrita dagoen 10 laguneko topean zenbatzen dituzte haurrak. Ospakizun horiek alde batera utzita, bilera bakoitzeko gehieneko pertsona-kopurua 6koa da.


Testuak gogora ekarri du etxeratze-agindua 22: 00etatik 06: 00etara egongo dela indarrean, salbu eta hilaren 24an eta 31n 1.30era arte luzatzea etxera itzultzeko soilik, eta inolaz ere ez "gizarte-topaketetara" joateko; halaber, debekatu egiten du "pilaketak" eragin ditzakeen ekitaldirik, hala nola, San Silvestre lasterketak eta kabalgatak.


Udalerrien arteko desplazamenduen kasuan ere azpimarratu da oraingoz ezin dela lurralde historikotik atera (herri mugakideen kasuan izan ezik), eta hilaren 23ra arte ezingo dela EAE osoan zehar zirkulatu.


Hala ere, ezingo da beste lurralde batera igaro (ezta data horretatik aurrera ere), salbu eta Gabonetan familiarekin egoteko, eta behar bezala justifikatutako beste salbuespen batzuk, inoiz ere ezin izango baitira oporretara edo bigarren bizileku batera joan.


Era berean, dokumentuak ostalaritza-lokaletan, garraiobideetan eta kirol-jardueretan bete beharreko baldintzak gogorarazten ditu; izan ere, atal horietan, mugak ezagutzen diren baldintzetan mantentzen dira.

ATI © 2021

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude