Gipuzkoako Foru Aldundiak 536 zaborrgune identifikatu ditu

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 536 zabor gune identifikatzen dituen inbentarioa egin du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren inbentario batek lurraldean sakabanatutako 536 zabor-gune identifikatu ditu guztira; horietatik 359 lehorreko inguruneetan daude, 133 ibai-eremuetan eta 44 kostaldean, eta horiek guztiek itsasoan amaitzen dute zaborra.


Hori da Foru Aldundiak azken urtean lurraldean sakabanatuta dauden hondakinen metaketa identifikatu eta kokatzeko egin duen lehen azterketaren emaitza, zabor horiek prebenitzeko eta murrizteko neurriak hobeto definitze aldera.


Inbentarioaren berri eman dute asteazken honetan Donostiako Aquariumean egindako hitzaldi batean. Bertan, 'Kostaldea eta zu' proiektuaren emaitzak aztertu dituzte. Proiektu hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak eta Surfrider Foundation Europe enpresaren Espainiako ordezkaritzak garatutako hezkuntza eta itsas zaborrari buruzko kontzientziazio ekintza da.


Jose Ignacio Asensio eta Maria Ballesteros arduradunek, hurrenez hurren, proiektuak izan dituen faseak azaldu dituzte, arazo horrek Gipuzkoako kostaldean izan duen eragina ulertu eta hainbat neurriren bidez horri aurre egiteko.


Itsas ingurunean dagoen zaborra, eta, bereziki, plastikoena, "Handitzen ari den arazo globala da" eta "Gipuzkoak aurre egin beharreko ingurumen arazo garrantzitsuenetako bat", ohartarazi du Asensiok, eta, horren ostean, "Gizarte osoaren inplikazioa funtsezkoa" dela nabarmendu du, irtenbideak aurkitzeko orduan.


Bestalde, Ballesterosek azpimarratu duenez, Ingurumenaren Europako Agentziaren (EEA) arabera, urtero hamar milioi tona zabor gelditzen dira planetako itsaso eta ozeanoetan, eta horietatik % 80 inguru lehorretik datoz, "Neurri handi batean, ibaietan amaitzen diren eta ondoren itsasora iristen diren hondakinen kontrolik gabeko isurketengatik".


Gaineratu duenez, kutsadura horren ikuspuntutik, Bizkaiko Golkoaren egoera, batez ere hego-ekialdekoa, "Ertaina" izango litzateke beste itsaso batzuekin alderatuta, Mediterraneoa kasu, horrek eragin "moderatua" izango lukeelako.


Inbentarioaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak "garbiketa lan etengabeak" egin ditu kostaldeko hareatzetan, itsas hondakin flotagarriak biltzeko kanpaina bat egin du eta garbiketa profesionalizatu du itsasertzeko 27 tokitan, baita beste erakunde batzuen ekimenak zabaltzeko eta babesteko hainbat ekintza ere.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude