Gizarte erakundeek eta boluntarioek egiten ari diren lana eskertu nahi izan du Lehendakariak

Osasun krisian zehar egiten ari diren lana eskertu nahi izan du Iñigo Urkullu Lehendakariak.

Lehendakaria, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal alboan zuela, beren egunerokotasunean gizarte-egoera ahulenean bizi diren Euskadiko biztanleekin lan egiten duten gizarte erakundeekin batzartu da. Osasun krisi honetan zehar, gainera, esfortzu bikoitza egiten ari dira behar handiena duten pertsonenganaino heldu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko lankidetza irudikatu nahi izan duen bideokonferentzia baten bitartez, Lehendakariak bere esker ona agertu die egunetik egunera eta batez ere garai zail honetan zehar egiten ari diren lanagatik. Eta lankidetza-bide horretatik jarraitzeko adorea eman die. Bere esanetan, auzolanaren, beharrik handiena dutenen alde lan egiteko grinaren adibiderik onena baitira. Testuinguru horretan, hirugarren sektoreak eta boluntarioek egunero egiten duten lana gogoratu du ere. Egunotan, lan horrek ‘ELKARTASUN ANTOLATUKO GUZTION ARTEAN’ ekimenaren sostengua dauka. Ondokoek parte hartu dute ekitaldian: Gorabideko arduradun Pablo González, Hirugarren Sektore Sozialeko ‘Sareen Sareko’ eta Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko presidente den heinean; Cáritas Bizkaia erakundeko zuzendari Carlos Bargos; Euskadiko boluntarioen ordezkaritza bat eta Bilboko Elizbarrutiko gotzain Mario Iceta. Artolazabal sailburuak, bere aldetik esan du erakunde hauek “antenarik onena” direla euskal gizartearen beharrak ezagutu eta bideratu ahal izateko, batez ere gizarte-egoera ahulenean dauden taldeen (adingabeak, etorkinak, gizarte-bazterketa pairatzen dutenak, tratu txarren biktima diren emakumeak, gazteak edo desgaituak, besteren artean) arrisku-aukerak koronabirusaren krisiaren ondorioz asko biderka daitezkeen honetan. Testuinguru horretan, gaineratu du “erakundeen arteko eta arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza ezinbestekoa dela gizarte-egoera ahulenean dauden taldeentzat osasun- eta ekonomia-krisi honek ekar ditzakeen arrisku egoerak elkartasun ariketa batean arindu edo apaltzeko”. ERAKUNDEAK Cáritas Bizkaia erakundeko zuzendari Carlos Bargosek esan du gizarte-bazterketa pairatzen dutenek “lehentasuna direla egun, egoera honen berehalako eraginak pairatuko dituzten lehen biztanleak izateaz gain, etorkizunean etorriko diren horiek bereziki pairatuko dituztenak baitira ere”. Zentzu horretan, eta Cáritasen izenean, “borondate eta bitartekoak batzeko deia egin die eragile politiko, sozial eta ekonomikoei, inor ez dadin krisi honetatik irteteko esfortzutik at geratu”. Bestetik, Sareen Sareko Pablo Gonzálezek gogoratu duenez, Euskadiko hirugarren sektore soziala “beharrik handiena dutenei beste behin laguntzeko dena ematen ari da une honetan”. Eta esku-hartze sendo hau -gaineratu du- ezinezkoa litzateke milaka profesional edo boluntario mobilizatu izan ez balira: ”osasun arloko langileei gure etxeetatik egunero adierazten diegun esker ona bezalaxe, beharrik handiena duten pertsonak artatzen lehen lerroko jardunean aritzen diren horien esfortzua ere eskertu beharko litzateke”. Bilboko gotzain Mario Icetak nabarmendu du Eliza bere esfortzua bikoizten ari dela gizarte-egoera ahulenean daudenen ondoan egon ahal izateko eta erakunde publikoen esku jarri dituela -eta beren koordinaziopean- behar adina giza baliabide eta bitarteko material. “Elkartasun ekitaldiak eta ariketak, laguntza eskuzabal eta anonimoa biderkatu egin dira”, aipatu du Icetak. Eta, halaber, Iralako frantziskotarren jangelak, Mariaren Bihotzako klaretarrek edo Cáritasek, besteak beste egunero egiten duten lana nabarmendu du ere. Azkenik, eta boluntarion izenean, Cáritas Bizkaia erakundeko Haurtzaroa Programako Iñaki Malaxetxebarriak gogoratu du “haurren aldeko proiektuen arrakastaren sekretua aurrez aurreko taldeetako dinamikak direla badakiten arren, beren jarduna egun ezarritako konfinamendu-egoerara egokitzen ari direla”. Eta, esaterako, lan eskerga egiten ari dira telefonoaren bitartez, haurrek beren etxeetan egin ditzaketen jarduerak proposatuz; eta jakiak banatzen ari dira eskaria egin duten proiektuko familien artean.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #IñigoUrkullu #BeatrizArtolazabal

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude