Gora egin dute covid-19 kasuek Goierri mailan ere, 6 kasu gehiago zenbatu dira asteburuan Ataunen

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan jakitera emandako datuen arabera beste sei koronabirus kasu gehiago zenbatu dira Ataunen.

Goierriko bailarak ez ditu datu batere lasaiak utzi asteburu honetan covid-19aren pandemiari dagokionez. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailetik jakitera eman dutenez, 92 positibo gehiago zenbatu dira joan zen ostiraletik bailara osoan eta kezkatzeko datuak direla zehaztu dute. Gauzak horrela, Beasain berriro ere eremu gorrira igaro da 24 positibo berri batu ondoren (788 pandemiaren hasieratik).


Ataunek berriz 6 covid-19 kasu berri batu ditu zerrendara eta pandemiaren hasieratik 74 dira jada herrian agertu diren kasuen zenbaki kopua. Txostenak zehaztuen duenaren arabera, ostiralean pertsona batek eman zuen positibo egindako PCR probetan, larunbatean lauk eta igandean beste batek.


Ordiziari dagokionez kezkatzeko egoeran jarraitzen dute oraindik ere, 18 kasu gehiago batu bai dituzte asteburu honetan eta eremu gorrian jarraitzen dute. Lazkaoren egoera pixkanaka bada ere hobetzen ari da, ostiraletik 2 positibo berri izan baitira eta Idiazabalek berriz bakarra batu du.


Eusko Jaurlaritzatik zentzuz eta arretaz jokatzeko eskatzen jarraitzen dute, baita herrietako udaletatik ere. Martxoaren hasieran pandemiaren egoera hasi zenetik, 3.555 covid-19 kasu agertu dira denera Goierri bailaran.

ATI © 2021

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude