Hamar lagunetik bederatzik negatibo eman zuten COVID-19an, Euskadin atzo egindako probetan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera kutsatuak 12.089 dira, hildakoak 992 eta osatutakoak edo alta emandakoak 6.144.


Atzo arratsaldeko 20:00ak arte konfirmatutako beste 299 positibo izan dira Euskadin, eta kutsatutakoak, beraz, 12.089 dira guztira. Horietatik 1.143 gure ospitaleetan ingresatuta daude. Lurraldez lurralde: - ARABAN, 3.156 kutsatu daude, eta horietatik 187 ospitalean daude. - BIZKAIAN, 6.667 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 698 ospitalean daude. - GIPUZKOAN 2.266 dira positiboak, eta horietatik 258 daude ospitalean.


Atzo beste 36 heriotza erregistratu ziren, eta Euskadin, beraz, jada 992 lagun hil dira COVID-19aren ondorioz. Datu horri kontrajarrita, positiboa da kutsatuei, ospitaleratuei eta ZIUetako okupazioari buruzko datuen bilakaera. Horrela, apirilaren 1ean 1.679 pertsona zeuden solairuan ospitaleratuta, eta une hauetan 980 daude, ia % 40 gutxiago. Presio asistentzialaren beheranzko joera hori ZIUetan ere antzematen da, une hauetan hilaren hasieran baino 64 pertsona gutxiago baitaude, hau da, ia % 30 gutxiago. Arabako Unibertsitate Ospitalean, hasieran koronabirusak gehien zigortu zuen ospitalea izanik, une hauetan gehiago dira COVID-19a ez duten pertsonen ospitaleratzeak COVID-19a dutenenak baino. Bestalde, kutsatuen ehunekoak behera egiten jarraitzen du egunetik egunera. Atzo guztira 3.212 test egin ziren, orain arte egindako test kopururik handiena, eta horietatik % 10ek bakarrik eman zuten positibo. Hau da, hamar probatik bakarrak eman zuen positibo, eta hilaren hasieran hamarretik hiruk ematen zuten. Guztira 48.230 proba egin dira. Osatzen ari diren edo alta emanda dauden pertsonen kopuruak ere gora egiten jarraitzen du, eta atzo 6.144 ziren. Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak behin berriro ere bere nahigabea adierazi nahi izan du pandemiaren ondorioz hiltzen ari diren pertsona guztiengatik eta bakoitzarengatik. Alde horretatik, nabarmendu du egoitzetako egoerak lehentasuna duela: egunez egun ari gara lanean biztanlerian, orokorrean, eta gaixotasun honen aurrean zaurgarrienak diren pertsonen kasuan, bereziki, transmisioa geldiarazteko. Osasun Sailak berretsi du Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako erakundeen konpromiso irmoa pandemiaren aurka borrokan jarraitzeko, eta berriz ere herritarren laguntza eskatu du, konfinamendu-neurriak eta autobabes-neurriak funtsezkoak direla-eta egindako bide luzean atzera ez egiteko.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #IñigoUrkullu #NekaneMurga

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude