Hezkuntza Sailak 8,4 milioi euro bideratu ditu itunpeko ikastetxeetara

Deialdiak diru-laguntzak jasotzen ditu itunpeko ikastetxeentzat, beren irakasleak birkolokatu ditzaten, ikasgelak murriztu daitezkeelakoan.

Hezkuntza sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Agindu bat onartu du gaurko bileran. Agindu horren bidez, itunpeko ikastetxeei laguntzak emateko deialdia egiten da, enplegua mantentzeko eta irakasle-plantillak gaztetzeko akordioen esparruan, datozen urteetarako aurreikusten den demografia-beherakadaren aurrean. Deialdi honek 8.470.000 euroko diru-kopurua du dirulaguntza horietarako.


Iragan urtarrilean eta otsailean, EAEko Administrazioak akordio bana sinatu zuen gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako patronalekin eta sindikatuekin. Akordio horien ardatz nagusiak, honako hauek dira:


- Batetik, irakasleen enpleguari eustea: ikasgela-kopurua murriztearen ondorioz lanpostua gal dezaketen irakasleen birkokapena bermatzea.


- Bestetik, irakasleen belaunaldi-erreleboa erraztea, irakasle zaharrenen erretiroa eta irakasle gazteenak lanbidera sartzea erraztuz: erretiro partziala eta errelebo-kontratua, Administrazioaren laguntzarekin.


Beraz, laguntza hauen onuradun izan daitezke EAEko itunpeko ikastetxe pribatuak –gizarte ekimenekoak nahiz ikastolak-, gorago aipaturiko akordioen sinatzaileak.


Deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen jarduerak eta gastuak honako hauek dira:


- Enpleguari eustea, 2020-2021 ikasturtean itundutako ikasgelak murriztearen ondorioz lanpostua galtzen duten irakasleak birkokatzearen bidez, betiere horiek birkokatzeari ekiten bazaio; eta kaleratzeagatiko kalte-ordainak, birkokatzeko aukerarik ez dagoenean eta erreferentziako akordioan hala aurreikusita dagoenean.


- Irakasleen plantilla gaztetzea, errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialaren bidez.


Deialdi honetan sartzeko, diruz lagun daitezkeen jardueren eraginpeko langileak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako kontratu mugagabea duten irakasleak izango dira, Euskadiko itunpeko irakaskuntzan.


Kalitatezko enplegua


Deialdi honen eta goian aipatutako akordioen helburuak bat datoz Legealdi honetako Gobernu Programaren ardatzetako batzuekin. Horien artean da “Hazkunde sendoa, enplegu gehiago eta hobea dakarrena” ardatza. Horretarako, enplegu gehiago eta kalitate hobekoa sortzea helburu duten politika publikoak sustatzen dira, izaera ekonomiko eta soziala dutenak.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #Hezkuntza #ItunpekoIkastetxeak #Ikastetxeak #Ikasleak #Irakasleak #HezkuntzaSaila #DiruLaguntzak

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude