Hiru hildako eta hainbat zauritu Nizan, arma zuriz egindako eraso batean

Gutxienez hiru pertsona hil eta hainbat zauritu dira Nizako eliza batean labanaz egindako eraso baten ondorioz.

Erasoa 09:00ak aldera izan da Nizako Notre Dame basilikan, eta gutxienez hiru pertsona hil dira, horietako bat lepoa moztuta, eta beste hainbat zauritu, France Presse agentziaren arabera. Gizon bat eta emakume bat hil dira elizaren barruan, eta beste bat ondoko taberna batean hil da.


Christian Estrosi herriko alkateak jakinarazi duenez, ustezko erasotzailea dagoeneko atxilotu dute. Zaurituta dago, eta ospitalera eraman dute. Bertara iritsi diren lehen agenteek tirokatu dute, Le Monde egunkariaren arabera.


Alkatearen ustez, "Ez dago inolako zalantzarik" eraso horren esanahiaz, eta "islamofaxismoari" egotzi dio. Hedabideen aurrean azaldu duenez, atxilotuak "'Allahu akbar' (ala da handiena) errepikatzen zuen" gertakarien tokian bertan, medikuak artatzen ari zirenean.


Poliziak artezilarien talde bat zabaldu du inguruan, eta Twitterren baieztatu du hainbat leherketa kontrolatu egin dituela, herritarrak lasaitzeko asmoz: "Egoera kontrolpean dago".


Hiriko eliza guztiak zaintzapean geratu dira, eraso gehiago gerta daitezkeelakoan.


Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak ikerketa bat abiatuko du "hilketa" eta "terrorismoarekin lotutako hilketa saiakera" leporatuta eta "gaizkileen elkarte terrorista kriminala" delakoan.


Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak premiazko bilera deitu du eta zonaldea saihesteko deia egin die herritarrei. Emmanuel Macron presidentea gaur goizean joango da Nizara.


2016ko uztailaren 14an atentatu bat izan zen, Frantziako jai nazionalean jihadista batek Ingelesen pasealekuan pilatzen ari ziren ehunka pertsonak bere kamioiarekin jo zituenean. 80 pertsona baino gehiago hil ziren orduan.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude