Igandeko bideokonferentzien jarraitutasuna eta formatua aldatzeko eskatu dio Lehendakariak Sanchezi

Urkulluren esanetan: "Osasun publikoaren lehentasunari eutsiz, susperraldi ekonomikoa eta enplegua lehenetsi behar ditugu".

Iñigo Urkullu Lehendakariak atzo goizean parte hartu zuen, bideokonferentzia bidez, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek deitutako igandeko presidenteen ohiko bileran.


Euskadiko azken asteetako adierazle guztien pixkanakako hobekuntza aipatu zuen bere interbentzioaren hasieran. Lehendakariak esan zuenez, "jorri esker, osasun larrialdia bertan behera utzi ahal izan dugu, eta bihartik Euskadi 2. fasean sartuko da".


Ildo horretan, Lehendakariak adierazi zuen orain zaintza- eta kontrol-etapa batean gaudela, bai kasu eta kontaktuei dagokienez, bai konpromiso indibidual eta kolektiboari dagokionez. Gainera, susperraldi ekonomikoa eta enplegua lehenetsi behar direla azpimarratu zuen. "Helburuak honako hauek dira: Osasuna, Enplegua eta Elkartasuna, sektore ahulenei eta kolektibo ahulenei estaldura eskaintzea", esan zuen.


Bestalde, Lehendakariak igandeetako bileren jarraitutasuna eta formatua aldatzeko eskatu zien bai Sánchez presidenteari bai autonomia-erkidegoetako presidente guztiei. Urkullu Lehendakariaren arabera, badira beste harreman-foro aldeaniztun eta aldebiko nahiko, etapa berri bati ekiteko. Lehendakariak Europar Batasuneko Kontseiluaren maiatzaren 20ko Irizpena aipatu zuen. Bertan, "Gobernu-mailen arteko koordinazioa hobetzea" gomendatzen da, eta adierazi zuen gomendio hori kobernantzan sakontzeko gonbidapen gisa interpretatzen duela Eusko Jaurlaritzak.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #IñigoUrkullu #Lehendakaria #PedroSanchez #EspainiakoGobernua #Deseskalatzea

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude