Iraileko audientzia datuak kalean dira jada

Ataun Irratiak oporretatik beltan izan duen audientzia maila beste urteetan baino hobea izan da.


Amaitu da iraila eta urriko lehen asteburuarekin batera jaso ditugu erredakzioan oporren itzulerako lehen hilabetearen datuak. Zuzendaritzak "azken urteetako itzulerarik indartsuena" izan dela azpimarratu nahi izan du txostenaren errepasoa egin ondoren. Webgunearen eguneraketak erabiltzaile gehiago erakarri ditu azken hilabetean, egunerokotasunean Ataun Irratia jarraitzen dutenek errazago erabiltzeko aukera izan baitute. Abiadura bizkorragoa, estilo aldaketa eta modu intuitibo nahiz errazago batean ezartzea izan da irratiaren helburua. Erabiltzaileen eskutik balorazio onak jaso direla ziurtatu da eta hemendik aurrera ere azken teknologiara egokitzen jarraitzeko aukera izango da.


Irratiko saioen artean, gora egin du astelehenetik-ostiralera bitarteko goizetako entzuleria mailak. Goizeko 8etatik 12etara bitartean Ioar Aizpurua esertzen da mikroaren aurrean eta goiza berarekin igarotzeko aukera dago Ataun Irratian. 2018-2019 datuekin alderatuta, mantendu baino gehiago apur bat igo egin dela esan genezake entzule kopurua. Arratsaldeetan berriz Julen Iraola aritzen da solasean estudioko tramankuluekin. 5etatik 9etara bitarteko tartean, ez da aldaketa handirik izan joan zen denboralditik oraingora.


2.Solairua saioa emisio arazoetan sartu zen iraileko bigarren astean. Ordutik arazoari aurre egiteko lanetan ari da irratiko lantaldea eta berriro ere emisiora itzultzeko asmoa dago. Ostiral arratsaldeetan berriz magazine berri bat entzuteko aukera izan da irailetik aurrera. Berrikuntza onenetako bat izan da honako hau eta erantzun bikaina izan duen zalantza izpirik ere ez dugu. Gorka Santestebanen ahotsak hartzen du arratsaldearen lehen ordua eta entzuleria maila ona jaso du lehen 4 saioetan.


Asteburu goizetako Nahikoa da magazine saioak lidergoan jarraitzen du goizeko 10etatik 12etara bitartean 600 entzuletik gora izanik. Top ATIk berriz oso gertutik jarraitzen dio lidergoari, baina oraindik ez du lortu aurre hartzea. Pop GO! saio musikalaren aldaketak ere onura ekarri dio denboraldi berriari. Pop estiloaz gain, bestelako hainbat doinu entzuteko aukera ere badago denboraldi berri honetan.


Hurrengo audientzia datuak abenduan kaleratuko dira berriro ere www.ataunirratia.com atarian. Lantalde osoak eskerrak ematen dizkie entzule eta jarraitzaile guztiei proiektu hau posible egiteagatik. Jarraitu musikarekin bizitzen, jarraitu Ataun Irratiarekin bizitzen!


#Ataun #AtaunIrratia #Irratia #Musika #Uda #Oporrak #Iraila #Urria #Audientzia #IoarAizpurua #JulenIraola #GorkaSantesteban #Webgunea #Teknologia #2Solairua #NahikoaDa #TopATI #PopGO #Ostiraltxo #EuskalHerria #Gipuzkoa #Goierri

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude