Iruñeko Asier Etxeberriak irabazi zuen 54. San Martin proba



Igandean jokatu zen 54. San Martin Proba Ataunen, eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindulari amateurren Euskaldun torneokoa.

Iruñeko Asier Etxeberriak (Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz) irabazi zuen lasterketa, 136 kilometro luzekoa eta Urkillagako igoera bikoitza zailtasun handiena zuena, Larraitzekin batera. Bakarrik helmugaratu zen Etxeberria (3:16:25), Urkillagako azken pasaeran 15 laguneko iheseko taldetxoari metro batzuk kenduta. Odei Juango lakuntzarra (Telco) eta Angel Coterillo espainiarra (Aiarabike) sailkatu ziren podiumean hurrena, jada 17 laguneko taldetxoaren buruan.

Errepideko Gipuzkoako Txapelketa ere bazen Ataungo San Martingo proba. Helmugara iristen lehen gipuzkoarra Iker Eskibel eskoriatzarra (Dorletako Ama T.E.) izan zen, 6. postuan. Eliteko txapela Eskibelek jantzi du. 23 urtez azpiko lehenengo txirrindulari gipuzkoarra Mikel Paredes Barandiaran (Lazkao, 1997) izan zen, 8. lekuan. Ondorioz, Paredesek jantzi du maila horretako Gipuzkoako txapela.

San Martin proban lehiatzeko 122 txirrindulari zeuden izena emanda. 80 sailkatu ziren, bukaeran. Taldeka Caja Rural izan zen onena, mendiko saria Diego Perezek (Cafes Baque) eraman zuen, eta tarteko helmugena Oier Lazkanok (Caja Rural). Lasterketaren lehen kilometroetatik, 15 laguneko taldetxoak egin zuen aurrera. Etxeberriak Urkillagako azken igoeran jo zuen eraso erabakigarria.

#Kirola #Ataun #Iruñea #AsierEtxeberria #SanMartinproba #Txirrindularitza #AmpoGoierri #Albistea

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude