Jai Alai World Tour asteburu honetan abiatuko da Markina-Xemeinen

Bingen Zupiriak zirkuitu honetan osasun- zein segurtasun-baldintza zorrotzak bermatuko direla gaineratu du.

Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuituak ez dio hutsik egingo urteroko hitzorduari. Covid 19k eragindako egoerak formatua eta egutegia aldatzea ekarri badu ere, zesta-punta zirkuitua ostiral honetan bertan abiatuko da Markina-Xemeinen. Hortik aurrera, Jai Alai World Tourrek abendura arte luzatuko du bere aurtengo egutegia, primerako osagaiak batuz: gutxienez zazpi txapelketa izango dituen zirkuitu bat eta munduko zestalaririk onenek osatutako kartel bat. Une honetan, baieztatuta dago zirkuituan proba hauek egingo direla: Markina-Xemeingo Masterra, Lekeitioko Masterra, Hondarribiko Grand Slama, Gernikako Grand Slama, Donostiako Grand Slama, Bartzelonako Opena eta Berriatuko Banakakoa. Era berean, antolatzaileak lanean ari dira beste txapelketa batzuk baieztatzeko, tartean, Mutrikuko Opena eta Zumaiako Masterra, besteak beste.


Munduko Pilota Batzarrak antolatzen du Jai Alai World Tour zirkuitua, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, eta erakunde hauek gaur goizean aurkeztu dute aurtengo edizioa, Bilboko Ola Martin Berasategui jatetxean. Aurkezpenean parte hartu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Fernando Azkarate Munduko Pilota Batzarreko presidenteak eta Mikel Egiguren Jai Aliveko arduradunak.


Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela Jai Alai World Tour aurten ere egin ahal izatea: “Une honetan, kirolaren eta pilotaren alde har dezakegun neurririk onena da normaltasuna pixkanaka berreskuratzea, betiere segurtasun-neurriekin zorrotz jokatuz. Jai Alai World Tour duela sei urte sortu zen zesta-punta sustatzeko bere sorlekuan, eta oso pozik gaude jasotzen ari den harrerarekin. Horregatik, garrantzizkoa zen aurten ere egin ahal izatea. Behin zirkuitua antolatuta, orain oso garrantzitsua da zaleak frontoietara etortzea eta, hala egiten dutenean, segurtasun-baldintzak errespetatzea”.


Zirkuitu honetako txapelketa bakoitzak bere Segurtasun Protokoloa izango du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioetan oinarritua eta antolakuntzan dabiltzan erakundeen artean adostua. Bertan, ekitaldia egiteko baldintzak zehaztuko dira: zaleen sartu-irtenak, edukiera, komunen erabilera, etab. Une honetan, zirkuituko lehen partiduak, hilabete honetan bertan egingo direnak, % 60ko edukieraz egingo dira, eta ikusleak musukoa eraman beharko dute.


Egungo baldintzek behartuta, une honetan zenbait txapelketa lotzeke daude oraindik ere. Edonola ere, gaurko aurkezpenean, jada baieztatuta dauden lehen zazpi proben zerrenda eman da ezagutzera, baita datak ere:

  • Markinako Masterra: uztailak 10, 16 eta 19.

  • Lekeitioko Masterra: irailak 4 eta 6.

  • Hondarribiko Grand Slama: irailak 18 eta 25, eta urriak 2, 9 eta 16.

  • Gernikako Grand Slama: urriak 10, 17, 24, 26 eta 31.

  • Donostiako Masterra: azaroa.

  • Bartzelonako Opena: azaroa.

  • Berriatuko Banakakoa: abendua.

Munduko Pilota Batzarreko presidenteak, Fernando Azkaratek, nabarmendu du zailtasunak zailtasun, maila handiko zirkuitua osatu dela. “Une honetan zazpi txapelketa baieztatuta ditugu, eta horiei, seguruena beste proba batzuk gehituko zaizkie, guztiak ere ohikoak zirkuituan. Horrekin batera, nabarmendu behar dugu munduko zestalaririk onenak izango ditugula gurean. Imanol Lopezek, Goikoetxeak, Aritz Erkiagak, Diego Beaskoetxeak, Xabier Barandikak, Lekerikak, Olharanek eta Zulaikak, besteak beste, dagoeneko berretsi egin dute etorriko direla. Maila handiko kartela izango dugu eta, zailtasunak zailtasun, baja gutxi izan ditugu”. Era berean, Azkaratek Kepa Arroitajauregi zenak egindako ekarpena oroitu eta eskertu nahi izan du bere interbentzioan.


Covid-19ak sortutako egoera dela eta, Jai Alai World Tourren antolakuntzak lehiaketa bakoitzaren atarian emango ditu ezagutzera proba bakoitzeko xehetasun guztiak. Markina-Xemeingo Masterraren kasuan, ostiralean, lehen finalerdian, Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Aldazabal izango dira aurrez aurre (atarikoan Barandika-Ibarluzea eta Goixerri-Manzi arituko dira). Bigarren finalerdia hilaren 16an izango da: Goikoetxea-Etcheto Lopez eta Ormaetxearen aurka.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Politika #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Kirola #Zestapunta #BingenZupiria #Kultura #Hizkuntza

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude