Jaurlaritza: 20 urtek bermatzen dute Euskadik eraginkortasunez kudea dezakeela deseskalada

Jaurlaritzaren ustez, osasun publikoaren kudeaketa positiboko 20 urtek bermatzen dute Euskadik eraginkortasunez kudea dezakeela deseskalada.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera. KUDEAKETA AUTONOMIKOA Josu Erkorekak kazetariei erantzunez esan du, pandemiaren aurkako borrokan hartu diren zenbait erabaki zentralizatzaile ikusita, badirudiela zentralismoa eraginkortasunaren sinonimoa dela eta autonomia erkidegoak edo edozein keinu deszentralizatzaile kaosaren jatorrian daudela. Bozeramaileak gaineratu duenez, "guk ezin dugu planteamendu hori partekatu. 40 urteko estatu autonomikoaren ondoren, uste horiek iraganean geratu zirela uste genuen, erabat gaindituta zeudela. Uste genuen, 20 urtez Osasun Publikoan kudeaketa positiboa egin ondoren, arduradun instituzional guztiek eta gizarte osoak onartzen zutela autonomia-erkidegoek ere eraginkortasunez joka dezaketela". Era berean, Isabel Celaá Hezkuntza ministroak ikasgeletara itzultzeari buruz egindako adierazpenei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du komunikabideetatik izan dutela albistearen berri, eta ez dagoela autonomia-erkidegoekin eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarekin kontrastatuta. Erkorekak gaineratu duenez, "harritu egin gaitu neurria aldez aurretik egiaztatu ez izanak. Uste dugu proposamen hori autonomia-erkidegoek aztertu behar dutela, haiek baitute zer esan handiena datorren ikasturtean hezkuntza-eskaintza antolatzeari dagokionez". LAN PRESENTZIALERA ITZULERA Bestalde, Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Gobernu Kontseiluan landu diren gaien ingurukoak ere azaldu ditu. Erkorekak nabarmendu duenez, gaur aurkeztu dio Gobernu Kontseiluari "Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileak lan presentzialera itzultzeko planaren" zirriborroa. Helburua da datorren astelehenean, hilaren 11n, langile publikoak Eusko Jaurlaritzako lantokietara modu ordenatuan, mailakatuan eta segurtasun-baldintza zorrotzetan itzultzea. Horretarako, “Kontingentzia Plan” bat egin da, eta plan horrek uztartuko ditu, batetik, zerbitzu publikoa egitea eta, bestetik, zorroztasunez errespetatzea osasun-agintariek birusaren hedapena saihesteko emandako jarraibideak. Bozeramaileak azaldu duenez, plan hori, gaur, asteartea, jakinarazi zaie Euskadiko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako negoziazio kolektiborako mahaiko bileran bilduta zeuden ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei. Horrez gain, atzo, koordinazio-bilera egin zuen autonomia-erkidegoko sektore publiko osoak, hilaren 11tik aurrera guztiek norabide berean aurrera egiteko. OSASUN-IRIZPIDEAK Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan gogorarazi duenez, joan den martxoaren 17an, Osasun Publikoaren arloko agintaritzaren gomendioei jarraituz, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen bere eraikinetan ahalik eta gehien mugatzea langile publikoen presentzia. Orduz geroztik, eta gaur arte, lan presentziala % 20ra murriztu da. Une honetan, funtsezko zerbitzu publikoa egiteko behar-beharrezkoak eta ezinbestekoak diren pertsonak soilik joaten dira lantokira. Orain, bozeramaileak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraituz, deskonfinamendua hasi eta lanpostuetara mailaz maila itzultzen hasten da, betiere zorroztasunez bete beharreko bi baldintza hauekin: - Pertsonak pila daitezen saihestea. - Lanean nahitaez 2 metroko tartea, gutxienez, mantentzea.

Lantokirako itzulera Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin koordinatuta egingo da. Zerbitzu horrek arrisku-egoerak ebaluatu ditu, eta zerbitzu eta lanpostu bakoitzerako prebentzio-neurriak ezartzen ari da. Prebentzio-neurri horiek etengabe eguneratuko dira. FUNTZIO PUBLIKOKO SAILBURUORDETZAREN EBAZPENA Josu Erkorekak azaldu duenez, langile publikoak lantokietara itzultzeko prozesua Funtzio Publikoko sailburuordearen ebazpen bidez artikulatuko da. Aste hau amaitu aurretik sinatu eta argitaratuko da ebazpen hori. Ebazpen horretan ezartzen denez, astelehenetik, hilaren 11tik, aurrera eta, gutxienez, lau asteren barruan, langile guztiek itzuli beharko dute haien lanpostura, hiru salbuespenekin: - Covid-19arekiko “bereziki sentikorrak" diren taldeetako pertsonek, ez dute, oraingoz, lanpostura itzuli beharko. Horrela aitortu beharko du Prebentzio Zerbitzuko mediku taldeak.

- Haien kargura 14 urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak dituzten pertsonak ezin izango dira jarduera presentzialera itzuli. Zaintza hori behar bezala justifikatu beharko da, eta “nahitaezko eginbehartzat” joko da. Soilik posible izango da bikotea osatzen duen beste pertsonak ezin dituenean pertsona horiek haren kargu hartu.

- Eusko Jaurlaritzako “Telelan Programa” luzatuko da, beste ebazpen batera arte. Programa horren parte diren pertsonek baliabide tekniko guztiak eta ebaluazio profesionalerako sistema guztiak dituzte, haien egiteko ez-presentziala berme osoz betetzeko.

ITZULERA BALDINTZATUA Bozeramaileak azaldu duenez, aste honetan, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu-zuzendaritza bakoitzak, eta erakunde autonomoetako langileak kudeatzeko organo bakoitzak, lan mota bakoitzerako antolamendu-neurri propioak eta bereziak zehaztu eta jakinarazi beharko ditu. Lan hori errazteko, Eusko Jaurlaritzak etengabe eguneratuko diren zenbait jarraibide orokor eman ditu: - Sarbidea kontrolatuko da, sarbideko tornuetan pertsonen pilaketak saihesteko. - Haien lan motagatik nahitaezko 2 metroko tartea mantendu ezin duten langileei maskarak eta norbera babesteko ekipamenduak zuzkituko zaizkie. - Debekatuta daude funtsezkoak ez diren lan-bilera presentzialak. - Igogailuko bidaia bakoitzean pertsona batek soilik bidaiatu ahal izango du. - Eusko Jaurlaritzako lantokietako jantoki-zerbitzuek bertan behera jarraituko dute. - Lan-espazioen higienerako eta garbiketarako plan bereziak aplikatuko dira. - Langile guztien esku jarriko dira norberaren higienerako produktuak. - Uniformea eskatzen duten lanpostuetarako higiene-protokoloak prestatu dira, uniformeak tenperatura handiko garbiketa-gunera eramateko, eta abar. - Horrez gain, Osasun Publikoko Zuzendaritzak lantokitik urrun bizi diren langile guztiei gomendatzen die joan-etorriak ibilgailu pribatuetan egitea eta garraio publikoko edo itunduko bidaiak ahalik eta gehien murriztea. HITZORDU BIDEZKO ZERBITZU PRESENTZIALAK Josu Erkorekak iragarri duenez, astelehenean hasiko den itzulera mailakatu horretan, herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen dieten zerbitzuak izango dira normaltasunera itzultzen azkenak. Eusko Jaurlaritza administrazio-prozedura guztiak aztertzen ari da, zehaztu nahi da zer prozedura bidera daitezkeen soilik bide telematikotik eta saihestu nahi da jendea administrazio-bulegoetan egotea. Gainera: - Ahal den lekuan, Eusko Jaurlaritzak babes kolektiborako manpara babesleak instalatuko ditu. - Hitzordu-sistemak ezarriko dira, bulegoetan jende-pilaketak saihesteko eta urruntzea bermatzeko. - Gel hidroalkoholikoen banagailuak instalatuko dira jendea dagoen espazio guztietan. - Herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen zaien espazioen garbiketarako plan espezifikoak prestatuko dira.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #JosuErkoreka #NekaneMurga

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude