Jaurlaritzak aurrekontu-neurri batzuk onartu ditu ondorio ekonomikoak arintzeko

Gobernu Kontseiluak premiazko zenbait neurri onetsi ditu Covid-19aren eragin ekonomiko izugarriak ahal den neurrian arintzeko.

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, bide digitaletik, Osasun sailburu Nekane Murgarekin eta Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazurekin batera.


Ogasun eta Ekonomia sailburuak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak premiazko hainbat neurri onartu ditu gaur, ahal den neurrian, Covid-19ren pandemiak Euskadin izango dituen eragin ekonomiko handiak arintzeko. Bozeramaileak azaldu duenez, neurri horien lehentasunezko helburua da euskal osasun-sistemari beharrezko baliabide guztiak ematea, egunerokoan zerbitzu profesionala eta kalitatezkoa eskaintzen jarraitu ahal izan dezan; baita, egoera hori gehien pairatzen ari diren kolektiboen beharrei erantzutea ere, bai ekoizpen-ehunean, bai familietan. “Gobernuak baliabide ekonomiko eta giza baliabide guztiak jarriko ditu", adierazi du.


Bestalde, Osasun sailburuak Euskadiko koronabirusaren egoeraren datu eguneratuen berri eman du. Horrela, jakinarazi du Euskadin beste 38 COVID-19 kasu erregistratu direla, kutsatutakoak guztira 765 direlarik. Horietatik 362 ospitalizatuta daude eta hildakoen kopurua 36 pertsonatan mantentzen da —ez dago heriotza berririk—. Gainera, Nekane Murgak nabarmendu du ospitaleetako farmazia-zerbitzuetan sendagaiak jaso ohi dituzten pertsonen tratamenduen jarraitutasuna erabat bermatuta dagoela. Hala, zerbitzu horietan pertsona-pilaketarik egon ez dadin, ez joateko deia egin du, hitzordua izan ezean.


Osasun sailburuak iragarri du, halaber, Eusko Jaurlaritza plan bat amaitu duela etxetik atera ezin diren pertsona asintomatikoei oinarrizko zereginak, behar-beharrezkoak direnak, egiteko antolatutako elkartasun-ekimenak sustatzeko eta babesteko. Elkartasun antolatuko guztion artean sarearen helburua da premiarik handienak dituzten euskal herritarren premiak bideratuko dituen tresna bakar bat bultzatzea eta, aldi berean, osasun-kalteak saihestea, haientzat zein laguntzen dieten boluntarioentzat.


Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak argitu du atzo iragarritako Dekretua, datorren apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen deialdia indarrik gabe uzten duena, Hauteskunde Batzordeak bere oniritzia eman ondoren sinatuko duela Lehendakariak.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #PedroAzpiazu #JosuErkoreka #NekaneMurga



ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude