Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Transferentzien Batzorde Mistoa egingo dute

Josu Erkoreka sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren Nekane Murgarekin batera.

Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluan landu diren gaien ingurukoak azaldu ditu. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gogoratu duenez, atzo, beste aldebiko bilera bat izan zuen Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroarekin. Atzokoa Covid-19aren krisia hasi zenetik lehen erakunde-topaketa izan da; izan ere, krisia dela eta, Gernikako Estatutua osatzeko premiazko eginkizunaren inguruko elkarrizketa atzeratu behar izan genuen.


Josu Erkorekak gogoratu duenez, “atzoko bileran, ekainean Transferentzien Batzorde Mistoari berriz ekitea erabaki genuen. Bilera presentziala izango da, Euskadi 3. fasera igaro bezain laster”.


Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Euskadiri transferitzeko dagoeneko adostuta dauden hiru gaien eskualdatzeak gogoratu ditu:


- Farmazia-produktuei buruzko legeria betearazteko funtzioak. Euskadi, besteak beste, osasun-produktuen eta giza erabilerarako medikamentuen publizitate-mezuen kontrolaz arduratuko da, bai eta fabrikatzaileen eta Euskadin dauden laborategien ikuskaritzaz eta farmakozaintzako eta medikamentuen kalitate-kontrolerako eginkizunez ere, besteak beste.


- “Derrigorrezko Eskola Asegurua”ren osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako baliabideak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako ikasleen asegurua da, unibertsitateko eta unibertsitatetik kanpoko ikasleena.


-Kaleratze kolektiboaren espedienteen eraginpean dauden langileen erretiro arruntaren aurretiko laguntzen kudeaketari atxikitako funtzio eta zerbitzuak.

Josu Erkorekak adierazi duenez, “itxita ditugu hiru transferentzia-dekretuen testu juridikoak eta Kupotik deskontatu beharreko kopuru ekonomikoa. 3 gaiak 7,5 milioi euroan baloratu ditugu; haietatik, Euskadik, urtero, Kupotik % 6,24 deskontatuko ditu”.


EUSKAL AUTOGOBERNUA


Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu eta bozeramaileak azaldu duenez, Covid aurreko normaltasunari heldu dio Eusko Jaurlaritzak, baita autogobernuaren gaiari dagokionez ere eta adierazi duenez “hasteko, martxoan eten zen transferentzien egutegia eguneratuko dugu. Euskadirentzat oso garrantzitsua da eremu horretan erakunde-harremanen normaltasunera bueltatzea”.


Historian lehen aldiz Euskadiri transferitzeko dauden eskumen guztiak eskualdatzeko lan-plan bat dago, Gobernu Programan lehenetsitakoak barne:


- Espetxe-sistema

- Gizarte Segurantzako Sistemarekin zerikusia duten gai guztiak.


BABES-MATERIALA EROSTEA


Prentsaurrekoan Josu Erkorekak azaldu duenez Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio eskularruak, maskarak eta gel hidroalkoholikoak erosi direla, presako prozeduraren bidez, Euskadiko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten langileentzat. Helburua da higiene- eta babes-materiala ematea langileei, beren lanpostuaren arrisku-balorazioaren arabera.


Zehazki, Eusko Jaurlaritzak honako hauek erosi ditu:


- Binilozko, nitrilozko eta latexezko eskularruak.

- FFP2 maskarak eta kirurgikoak.

- Osasun-erabilerako eta erabilera orokorreko gel higienizatzailea.


Josu Erkorekak gogorarazi duenez, pasa den maiatzaren 11tik, langile publikoak - Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan lan presentzialean hasi dira berriz, mailaz maila eta pixkanaka. Une hauetan, langile publikoen % 65 dagoeneko presentzialki ari da lanean. Zerbitzu-zuzendaritza bakoitzak eta erakunde autonomoetako langileen kudeaketa-organoek beren antolamendu- eta babes-neurri bereziak zehaztu dituzte, haietako langileek egiten duten lan-motaren arabera.


Eusko Jaurlaritzak positiboki balioesten du deskonfinamendu-prozesua Funtzio Publikoaren eremuan. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez “prozesua planifikatua eta antolatua izaten ari da. Ez da jende-pilaketarik egon, eta segurtasun-distantzia gorde da; ez da gorabeherarik erregistratu”.


HAUTESKUNDE-GASTUAREN IGOERA


Gobernu Kontseiluak gaur datorren uztailaren 12ko hauteskundeak finantzatzeko euskal udalen esleipena aldatzea ere onetsi du. Horrela 300€-ra arte igoko da mahaiko, Covid-19aren kutsadurak prebenitzeko higiene- eta segurtasun-operatiboak eragingo duen aparteko gastua aintzat hartuta. Udalek honako ardura hauek dituzte:


- Hauteskundeetan parte hartzen duten pertsonei haborokina ordaintzea

- Hauteskunde-lokalak egokitu eta garbitzea

- Hauteskunde-mahaien idazmahairako materialak izatea

- Hautetsontziak, kabinak eta hauteskundeetako gainerako materiala muntatu, desmuntatu eta garraiatzea.


Bozeramaileak azaldu duenez 205 euroko gastua aurreikusi zen mahaiko, baina 300 €-koa izatea erabaki dute. Uztailaren 12an, 2.677 mahai egongo dira: 426 Araban, 1.400 Bizkaian eta 851 Gipuzkoan. Euskal udalek guztira 803.100 euroko gastua egitea aurreikusten dugu.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #JosuErkoreka #NekaneMurga #Gizartea #Ekonomia #Politika

Nahikobero

ARROSA SAREA

arrosa-logo-berria.png

Ataun Irratia, Arrosa Irrati sarearen parte da 2020ko maiatzetik eta elkarlanean zenbait jarduera eskaintzen ditu.

EUSKARA

Ataun Irratia eta bere eduki guztiak euskaraz ikusi, irakurri eta entzuteko aukera duzu.

ATI CC 2020