Jaurlaritzak euskarazko ia 100 eduki eta baliabide digital bildu ditu

Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso duten webserieak, aplikazioak, haurrentzako webguneak edota mugikorrerako jolasak aurki daitezke bertan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saliak abian jarri du Gozatu Sarean Euskaraz ataria, ingurune digitalerako euskarazko edukiak eta baliabideak biltzen dituena. Une honetan ia 100 baliabide digital bildu dira bertan, tartean, webserieak, aplikazioak, webguneak, mugikorrerako jolasak eta haurrentzako hainbat baliabide, etab. Atarian sartutako produktu guztiek Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso dute, eta orain, egindako lan hori ezagutarazteko asmoz, zabalkunde-kanpaina bat egingo da gizarte-sareetan (gozatusareaneuskaraz.eus).


Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak urteak daramatza ingurune digitalerako euskarazko edukiak eta bestelako baliabideak diruz laguntzen eta sustatzen. Horren ondorioz, diru-laguntza deialdietan edo beste sustapen-lerro batzuetan parte hartu duten guztiei esker, une honetan euskarazko baliabide ugari aurki daitezke sarean. Batzuek sona handia lortu dute, baina, tamalez, beste batzuk Interneteko zabaltasunean galdu dira.


“Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Deialdian esleipendun izan direnei eskatzen zaie produktuak zabaltzeko, eta egiten dute, baina, hala ere, kasu batzuetan ez da erraza baliabide horiek ezagun bilakatzea. Horretaz kezkatuta, eta pandemiaren garai hauetan sareko baliabideek hartu duten pisua kontuan hartuta, beste pauso bat ematea erabaki dugu”, adierazi du Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak.


Eusko Jaurlaritzak bi ekimen jarri ditu abian eduki eta baliabide horiek dinamizatzeko. Batetik, horiek guztiak biltegi digital komun batean bildu ditu, gozatusareaneuskaraz.eus atarian. Bertan aurki daitezke haurrentzako baliabideak (Irrien Lagunak, Eskulanak, Bitxikeriak.eus, Liburu Gaztea….), webserieak (Otsoen Lurraldea, Bizi Txarra, Puntu Koma, Nomofobikoak…), helduentzako baliabide eta aplikazioak (Egunean Behin, Pagotxa.eus…) edota kirolari buruzkoak (Euskal Kirolari, Mendiak, Hamaika Minutu…).


Bestetik, produktu horiek zabaltzeko kanpaina bat abiatzea erabaki du, aurretik egindako zabalkunde lanari bultzada bat emateko. Kanpaina hori gizarte-sareetan burutuko da, (Youtube, Instagram, Twitter eta Facebook), datozen hilabeteetan; hasieran kirolari eta aisialdiaren ingurukoak sustatuko dira eta, horren ostean, kulturaren ingurukoak. Eusko Jaurlaritzak inoiz sustatutako produktuak aukeratu dira zabaltzeko. Kanpainaren mezua Gozatu Sarean Euskaraz! izango da.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Euskara #Euskera #Kultura #EuskoJaurlaritza #Euskadi #EuskalHerria #Araba #Bizkaia #Gipuzkoa #MirenDobaranUrrutia #JosuneZabalaAlberdi #Jokoak #SareSozialak #Bideoak #Serieak #Filmak #GozatuSareanEuskaraz #Youtube #Instagram #Twitter #Facebook

Nahikobero

ARROSA SAREA

arrosa-logo-berria.png

Ataun Irratia, Arrosa Irrati sarearen parte da 2020ko maiatzetik eta elkarlanean zenbait jarduera eskaintzen ditu.

EUSKARA

Ataun Irratia eta bere eduki guztiak euskaraz ikusi, irakurri eta entzuteko aukera duzu.

ATI CC 2020