Jaurlaritzak osasun-larrialdien txosten eguneratua aurkeztuko die alderdi politikoei

Eusko Jaurlaritzak txosten eguneratua aurkeztuko die alderdi politikoei osasun-larrialdiak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaerari, egungo egoerari eta aurreikuspenei buruz.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuarekin, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarekin eta Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera. ALDERDI POLITIKOEN MAHAIA Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri eman du. Bozeramaileak azaldu duenez, Lehendakariak “Alderdi Politikoen Mahaia” deitu du biharko. Mahai horretan, “osasun-larrialdiko adierazpena” ebaluatuko da eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdiari begira egon daitezkeen agertokiei buruzko gogoeta egingo da. Josu Erkorekak gaineratu duenez, hausnarketa horri eusteko, Eusko Jaurlaritzak txosten eguneratua aurkeztuko du osasun-larrialdiak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaerari, egungo egoerari eta aurreikuspenei buruz. Bozeramaileak gogoratu duenez, “Lehendakariak aurreratu du behar-beharrezkoa dela gai hori behar besteko aurrerapenez jorratzea, egoeraren ezohikotasuna aintzat hartuz”. Biharko bileran, alderdi politikoek aukera izango dute haien ikuspuntuak planteatzeko, baita erabakirik egokiena hartzea ahalbidetuko duen harremanetarako bidea ezartzeko, betiere egungo egoera eta etorkizuneko itxaropenak kontuan hartuta. BANDA ZABALA Horrez gain Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak Itelazpirekin elkarlanean banda zabala Euskal Autonomia Erkidego osora hedatzea helburu duen hitzarmena onartu du. Erkorekak azaldu duenez, Covid-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiak agerian utzi du zer garrantzitsua den gizarte konektatua izatea. Konfinamenduan, belaunaldi berriko banda zabaleko sarea erabili ahal izatea erabakigarria izan da pandemiaren kudeaketarako. Gainera, azpimarratu duenez, sare digitalak erabili ahal izateak aukera eman du urrutiko hezkuntza eskaintzeko, enplegu-erregulazioko espedienteak online tramitatzeko, familiei eta enpresei laguntzak emateko, edo erosketak online egiteko, etxetik irten behar izan gabe. Bozeramaileak gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da pertsona eta enpresa guztientzat % 100eko konektagarritasuna lortzea, “Euskadiko 2020ko Agenda Digitalean” jaso zen bezalaxe. Orain arte, 18 milioi euro inbertitu dira xede horrekin. Gaur onartutako hitzarmenari esker, banda zabala hedatu ahal izango da “eremu zuritzat” jotzen diren beste 58 populazio-gunetara. Izatez, eremu horietan ez dago belaunaldi berriko banda zabalaren bidez Interneterako sarbidea ahalbidetzen duen telekomunikazio-azpiegiturarik, operadoreentzat ez baita errentagarria. Hitzarmen honek, beraz, ildo bereko aurreko hitzarmenak berritzen ditu; izatez, 2017az geroztik, hitzarmen horiei esker, 473 populazio-guneetan banda zabala hedatu ahal izan da eta eremu horiek “zuritu” ahal izan dira.

ETXEBIZITZEN ALOKAIRUA ORDAINTZEKO LAGUNTZA PROGRAMA Erkorekak prentsaurrekoan gogorarazi duenez, duela hilabete, Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen Covid-19aren pandemiaren ondoriozko ekonomia- eta gizarte-krisialdiari aurre egiteko Talka Plana. Euskal enpresei, batez ere enpresarik txikienei, laguntzeko 1.025 milioi euroko premiazko lehen funtsa onartu zuen. Funts hori beste 30 milioi eurorekin osatu zen, autonomoei eta mikroenpresei zuzendutako zuzeneko laguntzen bidez. Ondoren, beste 500 milioi eurorekin gehitu zen enpresei zuzendutako zirkulatzaileko finantzaketa-lerroa. Covid-19aren Funtsak 1.555 milioi eurotan baloratutako ekimenak hartzen ditu aintzat. Gaurko Gobernu Kontseiluan etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko programa onartuko dugu. Horrela, COVID-19aren krisiaren ondorioz kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu libreko etxebizitza parkeko errentariei laguntza zuzenak ematea arautzen da. Larrialdi sanitarioak eragindako krisiaren ondorioz langabezian geratu diren edo aldi baterako enplegu-erregulazioa jasan duten pertsonak laguntza horren onuradun izan daitezke, baita, langile autonomoak edo enpresariak izanik, euren diru-sarrerak edo salmentak % 40 edo gehiago murriztu zaizkienak ere. JARDUERAREN SUSPERTZEA Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera suspertzeko eta Covid-19ari aurre egiteko proiektua aurkeztu du. Tapiak azaldu duenez, jarduerari berriro ekitean eta txertorik ez dagoen bitartean Covid-19a hedatzea eragozteko oinarri teknologikoko azpiegitura bat erabiliko du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako maiatzean zehar BRTAko langileekin eta garraio publikoko profesionalekin lehen proba pilotua egingo da, Adimen Artifiziala aplikatuz Euskadiko laborategi-sarean kudeatutako test estentsiboen prestaketan oinarrituta.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #NekaneMurga #JosuErkoreka #ArantxaTapia #IñakiArriola

Nahikobero

ARROSA SAREA

arrosa-logo-berria.png

Ataun Irratia, Arrosa Irrati sarearen parte da 2020ko maiatzetik eta elkarlanean zenbait jarduera eskaintzen ditu.

EUSKARA

Ataun Irratia eta bere eduki guztiak euskaraz ikusi, irakurri eta entzuteko aukera duzu.

ATI CC 2020