Koronabirusaren grafikoek beherako bidean jarraitzen dute pixkanaka

Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren transmisioa saihesteko gomendioen gidaliburu bat argitaratu du.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Euskadin koronabirusaren transmisioari aurrea hartzeko gomendioen gidaliburu bat aurkeztu du gaur eguerdian, Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. Liburuxka horrek, gomendio orokorrez gain, lantokietan nolako jarrera agertu behar den, maskara nola eta non erabili behar den edota garraiobide publikoak erabiltzean edo erosketak egitera joatean zer babes-neurri hartu behar diren azaltzen duen informazioa eskaintzen du. Osasuneko sailburuak erantzunkidetasunez jokatzeko eta guardia ez jaisteko eskatu du berriz: “denok jarraitu behar diegu gomendioei, horri esker jarraituko baitu epidemiaren joera onak”. Gidaliburuan azpimarratzen denez, muturreraino eraman behar dituzte neurriak arrisku-taldeek, hala nola haurdun daudenek, 60 urtetik gorakoek eta gaixotasunak dituztenek (hipertentsio arteriala, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, biriketako gaixotasun kronikoak, tratamendu aktiboan dagoen minbizia, immunodepresioa eta abar). Halaber, funtsezko beste ideia bat azpimarratzen da: pertsona batek sintoma jakin batzuk baditu (eztula, eztarriko mina, 37º-tik gorako sukarra, airea falta den sentsazioa edo usaimena galtzea), kutsatuta egon liteke. Kasu horretan, bakartuta geratu beharko du eta osasun-zentroarekin harremanetan jarri beharko du. Gaixotasuna berresten bada, hurbileko kontaktuei ere jakinarazi beharko zaie. Datozen egunetan, 350.000 liburuxka baino gehiago banatuko dira Osakidetzako zentroetan, Euskadi osoko farmazietan eta udalerrietan, Eudelen bitartez. Halaber, bertsio digitalean egongo da eskuragarri www.euskadi.eus/coronavirus webgunean. EGINDAKO PROBAK Euskadin, 110.956 PCR eta 57.435 test azkar edo serologiko egin dira guztira. Atzo, 20:00ak arte, 4.598 proba egin ziren guztira. BAIEZTATUTAKO KASUAK Pandemia hasi zenetik atzoko 20:00ak arte, baieztatutako koronabiruss-kasuen kopurua 16.426 da, eta, horietatik, %74,6 osatuta edo alta emanda daude. Atzo PCR bidez baieztatutako positibo berriak 13 dira. Pertsona batek une horretan bertan birusa duen eta gaixo dagoen detektatzen du proba horrek. “Test azkarren” bidez detektatutako kasu berriak 219 Pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen ditu proba horrek, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake. POSITIBOEN ETA OSPITALEEN EGOERA Orain arte, 1.321 heriotza gertatu dira guztira, eta, horietatik, 12 erregistratu ziren atzo. Horrez gain, 619 pertsona daude ospitaleratuta, eta, horietatik, 534 solairuko geletan daude, eta 85 ZIUn.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #NekaneMurga

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude