Koronabiruseko 208 kasu berri zenbatu dira Euskadin

Euskadin beste 208 COVID-19 kasu erregistratu dira, beraz kutsatutakoak guztira 973 dira.


Eusko Jaurlaritzak, Euskadin koronabirusak duen egoerari buruzko eguneroko informazioan, jakitera eman du Osasun Kontseilua indartuko dela langile gehiagorekin, baita herritarrei zalantzak argitzeko call center batekin ere. Bestalde, infografia bat argitaratu da COVID-19 duten pertsonei etxean jarraitu beharreko gomendioak jakinarazteko. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari eta koronabirusaren mahai teknikoko kide Mikel Sanchezek jakinarazi du informazio hori Lakuan emandako online prentsaurreko batean.


Euskadin beste 208 COVID-19 kasu erregistratu dira. Beraz, kutsatutakoak guztira 973 dira (horietatik 353 ospitalizatuta daude). Hildako pertsonak 40 dira, atzo baino 4 gehiago. Lurraldeka, honako hau da banaketa:


- GIPUZKOAN 131 positibo daude, eta horietatik 39 ospitalizatuta daude.

- BIZKAIAN 297 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 118 ospitalizatuta.

- Eta, ARABAN, 545 kasu zenbatu dira, eta horietatik 196 ospitalizatuta daude.


Mikel Sanchezek Osakidetzako Osasun Kontseilua indartzeko neurri berri baten berri ere eman du agerraldian. Hain zuzen, azken bi asteetan 18 erizain sartu ditu jadanik.


Azken hogei egunetan (zehazki, otsailaren 26tik martxoaren 16ra) erregistratutako 47.500 deiak aztertu ondoren, eta koronabirusarekin lotutako dei horietatik hamarretik sei informazioa eskatzeko direla egiaztatu ondoren, Osasun Sailak CALL CENTER baten bidez beste errefortzu bat antolatzea erabaki du.


Hala, jada Osasun Kontseiluan lan egiten zuten operadoreei call center hau gehitu zaie. Lehen triaje edo bahetze bat egitea da beronen eginkizuna: deitzen duen pertsonak informazioa bakarrik behar badu, langile horrek berak erantzungo dio edota Sailaren webgunera bertara joaraziko du. Deitzen duen pertsonak sintomak baditu, orduan bai, erizaintzako profesionalei eta Osasun Kontseiluko erizaintzako langileei bideratzen zaie deia. Horrela, erizainek benetan behar duenari arreta eman ahal izatea lortzen da. Atzo bertan errefortzuko call center hori martxan jarri zenetik, itxarote-ilara % 40 inguru murriztu zen.


Sintomak dituzten pertsonek bakarrik deitu behar dute Osasun Kontseilura. Salbuespen batekin; hau da, Arabaren eta Gasteizen kasuan, norbaitek sintomak baditu, bere osasun-zentrora dei egin dezala aholkatzen zaio.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #MikelSanchez

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude