LABIko teknikariek murrizketak mantentzea proposatu dute, baina ez dute baztertu gogortzea

EAEko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzorde teknikoak koronabirusaren aurkako neurri prebentiboak ez aldatzea proposatu du.

LABIko teknikarien ustez, egungo testuinguruan, "Zuhurrena" egun batzuk gehiago itxarotea da, indarrean dauden murrizketen "edozein aldaketa" egin aurretik.


Txostenean diotenez, "Adierazle guztietan beheranzko joera ikusten da, nahiz eta azken egunetan Araban portaera okerragoarekin gelditu den". Halaber, ohartarazi dute "gure inguruko autonomia erkidego batzuetan kurba epidemiologikoa igotzen hasi dela". Hortik ondorioztatzen dute "ziurgabetasun-testuinguru" batean bizi garela, eta, beraz, gauzak dauden bezala uztearen eta haien bilakaera zaintzearen alde egiten dute.


Horrela, abenduaren 10eko dekretuan ezarritako prebentzio-neurriak aktibo mantentzea gomendatzen dute, baita abenduaren 22an egoeraren ebaluazio berria egitea ere. Egoerak "hobera" egingo ez balu, "Murrizketa berriak" kontuan hartu beharko liratekeela uste dute.


Gainera, "Gizarteari mezu bat bidaltzea" gomendatu dute teknikariek, "Prebentzio konpromisoa indartzeko proposamen batean kontzentratuta". Ildo horretan, "Bost neurri oso garrantzitsu" ezarri dituzte.


Lehenengoa da "ahalik eta jende gehien murriztea Eguberrietako familia-topaketetan. Hobe da zortzi hamar baino, eta sei zortzi baino ". Planteamendu horrekin lotuta dago "bizikidetza-unitate desberdinen nahasketa ahalik eta gehien murriztea".


Halaber, gomendatzen dute "gure gizarte-jarduera eta gure ingurune hurbileko kide ez diren pertsonekiko interakzioak mugatzea, eta etxera itzultzeko ordua ahal den guztia aurreratzea", bai eta "establezimendu edo espazio itxi eta gaizki aireztatuetan pilaketak saihestea" eta "elkarrekin erlazionatzen garen espazio guztietan aireztapena areagotzea" ere.

ATI © 2021

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude