Langile bat zauritu da Oionen dagoen enpresa kimiko batean piztutako sutean

Langile bat larri zauritu da Oiongo Kupsa enpresa kimikoan 13:00ak aldera piztutako sute batean.

Langile bat larri zauritu da Oionen (Araba), Kupsa enpresa kimikoan izandako sute batean, Ertzaintzaren arabera. Sutea 13:00ak aldera piztu da El Puntido industrialdean dagoen enpresan. Sugarrak direla eta, konpainiaren instalazioak hustu behar izan dituzte, baita industrialdean dauden gainerako enpresak ere.


Kupsako langileetako bat Logroñoko ospitalera eraman behar izan dute, larri, erredura larriekin.


Suhiltzaileek sutea itzali dute, baina hozte lanak egiten jarraitu dute. Hala, Logroñoko suhiltzaileak, Guardia, Langraiz, Espejo eta Kampezoko suhiltzaileak lanean ari dira.


Gainera, Segurtasun, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen eta Osasun sailetako teknikariak eta operatiboak bertaratu dira, baita Osakidetzako taldeak ere.


Bestalde, Jaurlaritzak hasiera batean leihoak ixtea gomendatu du, errautsa dagoelako. Hala ere, behin sutea itzalita, gomendioa kendu du.

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude