Larunbat honetan "Muga deitzen da pausoa" filma izango da ikusgai Ataungo Herri Antzokian

Ataungo Emakumeen Elkarteak (Biboletak) antolatu du urriaren 17an proiektatuko den filmaren emanaldia Ataungo Udalaren laguntzarekin.

Larunbat honetan, urriak 17, Muga deitzen da pausoa filma proiektatuko da Ataungo Herri Antzokian 18:00etatik aurrera. Maider Oleaga, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta zinema zuzendaritzan diplomatua da. 2014. urtean Muga Deitzen da Pausoa proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Gidoi Sorkuntzarako Gidoi laguntza jaso zuen.

2015ean, proiektu berdina Ikusmira Berriak-en lehenengo deialdirako aukeratua izan zen, beste batzuen artean Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak , bultzatutako deialdia.


Filmeko kontakizuna


honako hau kontatuko digu: Donostiako etxe batean bi emakume elkartuko dira, bat bizirik dago eta zinemagilea da, bestea 1982an hil zen eta Elvira Zipitria Irastorza, “Ira”, deitzen da.


Zinemagileak laster jakingo du, Elvirak euskal eskola klandestinoa sortu zuela bere etxean bertan, 30 urtez eta diktadurapean. Bere garaian izugarrizko lanak hartu zituen arlo ezberdinetan, euskara eta euskal kultura babesteko. Halere, ez da aski ezaguna Euskal Herrian.


Zinemagilea, harritua eta jakin-minez, ikertzen hasiko da, emakume hori nor izan zen antzemateko. Bilaketa ez da batere erraza izango, ate itxi askorekin topatuko baita. Hau dela eta modu ezberdinetako bilaketak jarriko ditu martxan. Hauen artean funtsezkoena, filma bera egitea izango delarik.


Emanaldia


Ataungo Emakumeen Elkarteak, Ataungo Udalaren laguntzarekin antolatu du emanaldia asteburu honetarako. Koronabirusaren pandemia dela eta, Herri Antzokian ere derrigorrezko diren segurtasun eta higiene neurriak hartuko dira; musukoa guztiek jantzita edukiz, gutxieneko distantzia soziala bermatuz eta gel hidroalkoholikoaren erabilerarekin. Animatu eta gerturatu zaitez lagun eta familiakoekin!

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude