Lehendakaria: "Fase berean dauden erkidegoen arteko mugikortasuna izan behar da hurrengo urratsa"

Iñigo Urkullu Lehendakariak erkidegoetako presidenteen bileran parte hartu du gaur.

Iñigo Urkullu Lehendakariak parte hartu du gaur goizean, Lehendakaritzatik bideokonferentzia bidez, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak Alarma Estatua hasi zenetik astero deitutako erkidegoetako presidenteen hamahirugarren bileran.


Hitzaldiaren hasieran, Lehendakariak adierazi du, Euskadin pixkanaka hobetzeko joera sendotzen ari bada ere, Eusko Jaurlaritzak osasun-sistema eta bertako profesionalen alde lan egiten jarraituko duela, bai eta txerto bat bilatzen eta koronabirusa duten gaixoentzako terapietan lan egiten duten teknologia-zentroei, enpresei eta ikertzaileei laguntzen ere.


Bestalde, Lehendakariak Euskadi deseskalatzearen 3. fasera igarotzeko baldintzak jakinarazi dizkie gainerako presidenteei. Fase hori Bizi Berri Planak jasotzen du, eta gaur goizean EHAAn argitaratutako Lehendakariaren Dekretuak arautzen du. Lehendakariak Autonomia Erkidegoaren barruko mugikortasuna bihartik aurrera berreskuratu dela nabarmendu du, eta Kantabria, Errioxa eta Nafarroako presidenteei eskatu die erkidego horien eta Euskadiren arteko mugikortasuna datorren asteko astelehenerako adostea.


Azkenik, Lehendakariak industriaren aldeko apustu sendoa egiteko beharra mahai gainean jarri du. Urkulluren hitzetan, "Industria-enplegu bakoitzeko 4-5 enplegu sortzen baitira zerbitzu aurreratuenetan". Hala, industriarako "ad hoc" estrategia bat egiteko beharra agerian utzi du, eta automobilgintzari lotutako Komunitateen Sarearen balioa azpimarratu du honek duen oinarria sendoa eta bermeduna baita. "Industria jarduera eta enplegua berreskuratzeko Plan espezifiko baten lehentasunetako bat izan daiteke", esan du.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #NekaneMurga #Deseskalatzea #Hirugarrenfasea #IñigoUrkullu #Lehendakaria

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude