Lehendakaria: "Jaurlaritzarentzat lehentasuna, herritarren interesak defendatzea da"

Lehendakariak Pedro Sánchez presidenteak deitu duen erkidegoetako presidenteen bileran parte hartu du.

Iñigo Urkullu

Iñigo Urkullu Lehendakariak parte hartu du, bideokonferentzia bidez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Covid-19 koronabirusak sortutako egoerari buruz hitz egiteko deitu duen erkidegoetako presidenteen bileran. Bileraren ondoren, Lehendakariak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, bide digitaletik, honako adierazpen hau egiteko:


<<"Egunon,

Gaur lurralde arteko bilera bat egin dugu bideokonferentzia bidez. Bertan, Espainiako Gobernuko presidentearekin batera parte hartu dugu autonomia-erkidegoetako presidente guztiek. Espainiako Gobernuak atzo onartutako Dekretuari hamar segundo eskainiz hasi dut nire hitzaldia. Prozedurek garrantzia handia daukate demokrazian, funtsezkoak dira. Dekretua onartzeko eta jakinarazteko moduarekin ados ez nagoela adierazi diot Sánchez presidenteari. Ertzaintzaren eta Osakidetzaren agintea hartzeko neurriak ez dira beharrezkoak. Neurri horiek ezin dira ulertu eraginkortasun praktiko eta profesionalaren ikuspegitik. Lankidetzarako eta koordinaziorako nire prestutasuna erabatekoa izan da, eta da. Hori bai, koordinazioa edo elkarlana ez da inposizioa. Nolanahi ere, ez dugu desadostasuna eta nahasmena sustatu nahi. Jarduera komun bat bultzatu eta ahalbidetuko dugu. Lehendakaria da Estatuaren arduradun nagusia Euskadin, hori ezartzen dute Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak. Dekretua betetzeko konpromisoa hartzen dut, erantzukizunagatik. Hori egingo dugu, Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasuna delako herritarren interesak defendatzea koronabirusaren aurrean. Lehendakari gisa, gure erakundeen buru izaten jarraituko dut. Egoera honetan, lehentasuna oinarrian dago, birusa gelditzeko egunero borrokan ari diren profesionalengan. Hori da nire funtsezko konpromisoa. Espainiako Gobernuari bost neurri zehatz abian jartzea proposatu diot:


-Bat. Espainiako Gobernuak onartzea ‘Enpresa- eta sindikatu-eragileek sinatutako ezohiko proposamenak eta neurriak’ dokumentua.


-Bi. Kaltetutako autonomoak eta saltokiak laguntzeko neurriak lehenestea.


-Hiru. Enpleguari eusten dioten enpresak laguntzea. Alemaniako Gobernuak lan egin gabeko orduen % 60raino ordaintzen du, eta Gizarte Segurantzaren kostuaren % 50 bere gain hartzen du.


-Lau. Europar Batasunari ekonomia suspertzeko anbizio handiko plan bat eskatzea. Atzeraldia saihesteko behar den guztia egin behar da.


-Bost. Osasun-arloko eta oinarrizko zerbitzuetako profesionalak aitortzea eta konpentsatzea, krisi honetan eskatzen ari zaien ahalegin, inplikazio eta konpromisoa kontuan hartuta.


Azpimarratu dut estrategikoa dela neurri horiek lehenbailehen hartzea. Amaitzeko, berretsi egin nahi dut garrantzitsuena dela ahaleginak kontzentratzea pertsonengan eta osasun publikoan. Bereziki pertsona ahulenengan. Birusaren hedadura ez da eten. Arduraz, diziplinaz eta konpromisoz eutsi behar diogu. Ekimen bakoitzak, hartzen dugun erabaki bakoitzak, bizitza bat salba dezake. Egoera honek gure balioak erakusten ditu. Hori baino gauza garrantzitsuagorik ez dago. Gizaki moduan gure alderik onena erakusteko unea da hau.">>


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #IñigoUrkullu #EspainiakoGobernua #PedroSanchez

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude