Lehendakariak mahai batera deitu ditu alderdi politikoak apirilaren 30ean

Ikuspegi epidemiologikotik, uztaila hauteskunde-deialdirako egokiena izan daitekeela ziurtatu du, kutsatzeko arriskua tasarik txikienetan egon daitekeelako.

Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren aurrean agertu da gaur, aurrez aurre eta berak eskatuta, bere azken agerralditik, apirilaren 2tik, Eusko Jaurlaritzak aurrera eramandako jarduera guztien berri emateko, gardentasun osoz. Lehendakariarekin batera, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu, Osasun sailburu Nekane Murga eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez ere agertu dira. Lehendakariak bere hitzaldian iragarri duenez, datorren ostegunean, apirilaren 30ean, "Alderdi politikoen mahaia deituko du, osasun-larrialdietarako adierazpena ebaluatzeko eta hiru hilabeteko epean, abuztua baino lehen, euskal hauteskundeak deitzeko aukera aztertzeko". Azaldu duenez, hiru arrazoitan oinarritzen da erabakia: - Lehenengoa: alderdi politiko guztiek agerraldiak edo bilerak egiteko eskaera egin dute, bai Legebiltzarrean, bai eta talde parlamentarioen ordez, beste alderdi batzuekin ere.

- Bigarrena: Osasun agintariek darabiltzaten hipotesien arabera, kutsatzeko arriskua uztaileko tasarik baxuenetan egon daiteke. Aitzitik, udazkenaren hasieran baliteke izurritea berriro agertzea, eta ez da, Lehendakariak azaldu duenez, inola ere, txertorik izango. Aurreikuspen horren arabera, komenigarria da uztailean hauteskunde-deialdi bat egiteko aukera aztertzea.

- Hirugarrena: krisiaren dimentsioak eta sakontasunak eskatzen du, lehenbailehen, Legebiltzarra erabat eratuta egotea eta funtzio guztiak dituen gobernua izatea. Lehendakariak gaineratu duenez, “badakigu hauteskunde-hitzorduaren ondoren Legebiltzarra eratzeko eta Jaurlaritza berria eratzeko asteak hasiko direla. Aldi hori udarekin bat etortzeak jarduerari lehenbailehen berrekitea ahalbidetuko luke, aurtengo aurrekontua gauzatzeko eta hurrengo urteko ekonomia- eta aurrekontu-gidalerroak onartzeko funtsezko une batean”. Iñigo Urkulluk azaldu duenez, horiek dira datorren ostegunean, apirilaren 30ean, euskal alderdi politikoekin hausnarketa eta analisirako erabiliko dituen irizpideak.

Har itzazu kontuan osasun agintariek Koronabirusa saiheste aldera emandako gomendioak zeintzuk diren. Kaleratzen diren albiste faltsuak egonda ere, agintari eta profesionalek emandako gomendioei egin behar diezu kasu. Gai honen inguruan zalantzak baldin badituzu edo bidaia baten ondoren sintomak baldin badituzu, Osasun Kontseiluak eskaintzen dizun telefono zenbakira dei zenezake: 900 20 30 50 (EAEn) eta 948 290 290 (Nafarroan). Ez ezazu ahaztu COVID-19 gaitza ez hedatzeko, etxean geratzea duzula onena eta beharrezko kasuetan soilik ateratzea. Eskuak sarri garbitzea ere gomendagarria da eta sintomak dituzun kasuetan, ahoa estaltzeko maskarak ere erabil ditzakezu, batez ere adineko pertsonekin harremanetan baldin bazaude.


#Ataun #Irratia #AtaunIrratia #Albistea #Gizartea #Koronabirusa #Osakidetza #EuskoJaurlaritza #SegurtasunSaila #OsasunSaila #EuskalHerria #Euskadi #Gipuzkoa #Bizkaia #Araba #Nafarroa #IparEuskalHerria #Espainia #Mundua #IñigoUrkullu #Legebiltzarra #Hauteskundeak #Politika #NekaneMurga #PedroAzpiazu #SoniaPerez

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude