Libe musika-taldearen furgoneta su hartuta Poligrafo Fest-erako bidean



Onik daudela jakinarazi dute, baina material asko galdutzat eman dute.

Libe eta taldekideen furgoneta erre egin zen ostiralean Urretxuko Poligrafo Fest jaialdirako bidean zihoazela. Arratsaldeko 18:00ak inguruan gertatu zen ezbeharra, gasteiztarrak Urretxuko bidean zirenean. Furgonetak su hartu zuen Urretxuko sarreran eta Legazpiko suhiltzaileek itzali zuten sutea. Oraindik ez dakite zerk eragin zuen honako hau baaina musika-tresna gehienak ateratzea lortu zuten taldekideek. Kalte material handiak izan dituzte, furgoneta bera barne.

Libe Garcia de Kortazar taldearen buruak berak eman du ezbeharraren berri sare sozialetan. Taldekideak onik daudela jakinarazi eta irudietan ikus daiteke furgoneta sutan, baita galdutako material asko ere. Diskoak, merchandising-a… Instrumentu gehienak berreskuratzea lortu dute.

PoligrafoFest jaialdian kontzertua eman behar zuten Libek eta taldekideek, Mice eta Señor No taldeekin batera, besteak beste. Aurreikusitakoa baino beranduago hasi arren, kontzertuari eustea erabaki zuten. Datorren asteartean bertan dute kontzertua Parral tabernan, arratsaldeko 20:30ean.

#Urretxu #Libemusikataldea #Poligrafofest #Gasteiz

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude