Martxoak 22, 24 eta 25 asteburuko zinema karteldegia



Asteburu honetan bi emanaldi berezi izango ditugu herri antzokian.

Asteburu honetako etxeko txikienen karteldegiari begira 'Dixe eta matxinada zonbia' ikusteko aukera izango da. Euskarazko animazio fantastiko honetan, Dixie gaztea Nigreda maltzurraren matxinadari aurre egiten ikusiko dugu. Helduenei begira berriz, bi dokumental izango ditugu: ‘Erraiak’ eta ‘Taming winter’.

ERRAIAK:

Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna.

Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala. Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egin dugu. Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?

Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioak lankidetzan egindako dokumental honek Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu. Nondik dator irrintzia? Nola deitzen zaio Nafarroako mendietan, Gipuzkoako bailaretan edota Bizkaiko kostaldean? Zein da soinu miresgarri honen arrazoi zientifikoa?

Irrintzia ardatz izanda ekoiztu den dokumental bakarra dugu hau, euskara hutsean grabatutakoa. Euskal kulturaren sakontze ariketa paregabea.

TAMING WINTER:

Andrea Arena eta Nicola Imoli italiarrek zuzendutako lana da Taming Winter, eta Europako hainbat inauterik hartzarekin eta neguarekin duten lotura aztertzen du. Urbiano Hartza (Italia), Sardiniako Mamuthoneak, Bruneck-eko Krampusa (Hego Tirol) eta Ituren eta Zubietako joaldunak agertzen dira, besteak beste, dokumentalean. Hainbat adituren azalpenak eta tokian tokiko testigantzak ere jaso dituzte.

#Albistea #Ataungoudala #Ataun #Herriantzokia #Erraiak #Tamingwinter #EuskalHerria #EkainMartinezdeLizarduy #ArtemanKomunikazioak #Dokumentala #Nafarroa #Gipuzkoa #Bizkaia #AndreaArena #NicolaImoli #Italia #Europa

ATI © 2020

Webgune hau eta bertako eduki guztiak, copyright lizentzia baten mende daude